"Ezkila kapitaina izateak kofradiaren baloreak gehiago zabaltzen lagundu digu"
Aingura kofradiari egokitu zaio aurten Ezkila kapitaina izatea.
Mattirekin batera Ezkila kapitaina da Donostiako Piraten gidari lanak egiten dituen pertsonaia. Aurten Aingura kofradiari egokitu zaio ardura hori, eta gustura daude euren lanarekin.
Agenda beteagoa eta barne koordinazio handiagoa eskatzen duela Ezkila kapitaina izateak onartu dute Aingura kofradiako kideek, baina lanak ondo antolatu dituzte.
Gainera, izendapenak kofradiaren baloreak zabaltzeko balio duela nabarmendu dute: “Duela hiru urte ohartu ginen Piraten mugimenduak aldaketa bat behar zuela; kontsumo ohiturak aldatu beharra zegoela”, dio Xabier Zurutuza Aiguru kofradiako kideak.
Kontsumo arduratsua, ekologia eta iraunkortasuna ditu oinarrian Aingura kofradiak. Ohiturak aldatzea ez da egun batetik bestera lortzen dena, baina Piratek “eraldaketa nabarmena” eman dutela uste dute: “Bertako garagardoa eskaintzen da, eta jendeak gero eta gusturago kontsumitzen du. Botilakoa beharrean iturriko ura ere eskaintzen dute”, azaldu du Zurutuzak.
Bestalde, otorduetako materiala ere berrerabiltzen dute orohar: “Platerak eta bestelako mahai-tresnak berrerabili egiten ditugu otordu batetik bestera. Eta gero eta jende gehiagok ekartzen du bere edalontzia etxetik”, dio Carmen Altuna Aingura kofradiako kideak.
Altunari egokitu zaio oraingoan Ezkila kapitaina izatea, eta gustura egin du bere lana. Atzo, abordatze txikia gidatu zuen, eta izan zuen nahikoa lan pirata txiki guztiak uretatik sartu eta batik bat aterarazten.
Bizifesta da Aingura kofradiaren jarduera nagusia. Atzo egin zuten hau ere: La Flamenkatik abiatu eta Kontxako pasealekua zeharkatu ondoren, Txantxarrekan egin zuten lehen geldialdia. Kortxoenea, eta Uliako parketik igaro ondoren, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean egin zuten azken geldialdia.
“Bizikleta jaia La Flamenkatik atera eta hiri guztira zabaltzeko tresnarik egokiena da”. Hala uste dute Aingurako kideek, eta ohitura hori zabaltzen saiatzen dira urtez urte.
Erlazionatutako edukiaKaia kolorez jantzi dute Donostiako Piratek