Irati Urkiola: 'Entonatzen ez zaigu ahaztu oraindik'
Irati Urkiola, La Flamenkatik
Hamaika aldarrik hartutako aste nagusian murgildurik jarraitzen dugu jai herrikoi, parekide, eta euskaldunen alde gauden ehunka piratek. Duela astebete eskas apaindu genituen Donostiako kaleak hamaika koloretako aldarriz, eta ahotsen goxoa edalontzietako izotzetan ito badugu ere, entonatzen ez zaigu ahaztu oraindik. Asteburu oso bat dugu aurretik guztion artean sortu ditugun jai herrikoien alde egiten jarraitzeko; guztiona den kaia espazio publikoa dela aldarrikatu, eta bizipen pertsonal eta kolektiboetatik mundu berri bat eraikitzen jarraitzeko. Duela astebete lehorreratu ginen Donostia abordatzeko eta, beharbada, inoiz baina nahi handiagoz. Ezin ahaztu, kapitalaren kulturaz. Piratok Aste Nagusia eraiki nahi dugun mundu berri horren maparen gauzatzerako baliatzen dugu. Hala, 2003an jaurti zituzten aingurak lehenengo piratek eta, ordutik badugu abuztuaren erdialde honetan nahi dugun hiria amestetik, ametsa egi bihurtzeko aukera. Hortik dator aurtengoan harresiz beste aldera bizitzera kondenatu dituzten guztiak gurean edukitzeko nahiaren aldarria; haiek gabe ere, ez garelako aske. Auto-desterratu dira batzuk festa garaian eta, ni, ordea, La Flamenkara bueltatu naiz urtea kanpoan igaro ostean. Baita ilusioz eta gogoz bueltatu ere. Ulertuko da hau aurrekoan Markel Ormazabalek bere gogoeta horietako batean idatzitakoa testuratuz: “pertsona askorentzat bere herriko jaiak nortasun edo identitate adierazgarri gorena dira”. Ezin argiago azaldu, beraz, zer den mugimendu hau niretzat, eta zer den, hona bueltatu nahi izatearen desira. Garena eraikitzen jarraitzeko bidea izan daiteke, izan nahi duguna seinalatzen digun ipar-orratza; bidaide fidela. Horregatik eman zioten lehen piratek “Donostia abordatu” leloa herritik, indibidual eta kolektibotik sortutako mugimendu honi. Memoriak errotzen gaituenez, ezin ahaztu gure leloaren esentzia: Aborda ditzagun goitik inposatu dizkiguten arauak; abordatu guk nahi ez dugun hiria; gure iritziek, nahiek, desioek eta beharrek kabidarik ez duten hiria. Eta hala, sor ditzagun gune askeak, gure ahotsek oihartzuna izango duten guneak, isildutakoen aldarriak lau haizetara entzuteko aukera emango digun espazioa. Aurtengoan ere, horretan gabiltza. Eta hurrengoetan ere, hemen izango gara. Gelditzeko, gainera. Espazio publikoa berriz ere hartuko dugu bai Xibaro, Sardiñera, Ubarroi, Traganarru, Jaranero, Eskandalosa, Bihurri, eta Eskifaiak, Aingurak jaurti eta Kalepoza sortzen ahaztu gabe. Aurtengo bizipenen kronika marko honen barruan txertaturik geratzen da, beraz. Ederra bezain aberasgarria da, antzeko anbizioz, hiria gure egin nahi dugunok elkartu eta jai giroan, ametsen eraistea baino, eratze neurtu gabeari ekitea. Txanpan goaz Donostia euskaraz abordatzea, bi aldiz abordatzea dela ahaztu gabe.