«Oso maitatuak sentitzen gara»
Urte berezia da Itzurun konpartsarentzat. Jada 35 urte bete dituzte hiriko erraldoi eta buruhandiek! Hiritar Merezimenduaren Domina jantzi ondoren, pozez gainezka ari dira hiriko kaleak dantzaz eta musikaz betetzen.
Aste Nagusiko ekitaldi jendetsuenetakoa da Itzurun konpartsaren erraldoi eta buruhandien desfilea. Arrakasta, ordea, ez da ezerezetik irten. Antxon Gisasola konpartsako kidearen ustez, jende askoren lana eta borrokaren emaitza izan da:?«Lehen urteak oso zailak izan ziren. Nafarroan tradizio handia izan dute beti, baina hemen ez. Jendeak ez zituen gustuko, ez zuen ulertzen desfilea. Egun, ordea, ezin dugu erraldoi eta buruhandirik gabeko Aste Nagusi bat imajinatu. Oso maitatuak sentitzen gara».
Urtez urte, ehunka zale bereganatu ditu Itzurunek:?«San Telmo Museoko ateak gurutzatzen ditugunean, gero eta ikusle gehiago ditugu zain. Donostia Festak-ekoak ere harrituta geratzen dira. ‘Zenbat jende mugitzen duzuen!’, esaten digute. Eta hau guztia gauza berriak egin eta lanean jarraitzeko bultzada izugarria da», dio Gisasolak.
Hain zuzen, aurten hainbat ekitaldi berezi prestatu dituzte; besteak beste, Euskal Herriko konpartsen topaketa berreskuratu dute. «Lehen egiten zen, baina diru kontuak zirela eta, ez zen berriro egin. Ez da batere erraza izan, eta ez dakit berriro egin ahal izango dugun. Jende pila bat etorri zen topaketa ikustera. Jendeak hondartzatik ere txalotu gintuen. Harrituta geratu ziren Iruñeko erraldoiekin. Hemengoekin konparatuta txikiak dira eta!».
Gainera, Hiritar Merezimenduaren Domina jantzi dutela ospatzeko, pieza berri bat estreinatu zuten: «Nire aitak, Antxon Gisasolak, idatzi du abestia, eta Xabi Zabalak gaitentzat moldatu du. Irungo musika bandak, Tolosako gaiteroek eta zortzi erraldoik interpretatu genuen. Oso dantza zaila da guretzat, ez dugu inoiz horrela dantza egin. Ea hurrengo urtean ere errepikatzen dugun». Zirrara izena du pieza berriak. Hori transmititu izan nahi baitute, zaleen irribarre eta babesarekin sentitzen duten emozioa. «Gure urterik bereziena izan da, eta horregatik egin ditugu ekitaldi bereziak. Lan handia izan da dena prestatzea, baina oso polita izan da. Aste Nagusiko zortzi egun hauek prestatzeko urte osoa daramagu lanean, dena ondo ateratzeko. Jendea pozik dago, eta gu ere bai».
Gertukoa, hurbila
Kalera ateratzen direnean emozio asko sentitzen dituztela adierazi du Gisasolak: «Jendearen ikara, poza eta beldurra sentitzen duzu. Sentimendu kontrajarriak nahasten dira momentu berean! Jendearekin jolasten dugu, beraiekin dantzan egiten dugu. Jendearekin jolastea gustatzen zaigu, horretarako gaude eta».
Oso argi dute gertuko konpartsa bat izan nahi dutela: «Donostiarrek konpartsa berea dela sentitzea. Lan hori ongi egin dugula uste dugu, eta horregatik eman digutela domina». Eta urte luzez iraun nahi dute, horregatik sortu nahi dute harrobia:?«Behar dugu leku bat eskola sortzeko, konpartsaren etorkizuna bermatzeko, jendea gerturatu ahal izateko. Udalak adierazi digu asmoa badutela egoitza bat emateko». Konpartsan ateratzeko gogoa izatea nahikoa dela uste du Gisasolak:?«Asko entsaiatu egin behar da, gero disfrutatu ahal izateko. Erraldoiek asko pisatzen dute, baina entseguekin segurtasuna lortzen da».
Larunbatean agurra egingo dute. Erdialdetik buelta txiki bat egin, eta Zuloaga plazan bukatuko dute ibilbidea. Astean zehar egiten dituzten dantzak, denak jarraian egingo dituzte: «Ekitaldi polita da, agurtzeko modu bat, hoberen egiten dakiguna, dantzan».