Euskara taldeak bultzatutako ‘Hartu Txanpa’ izeneko egitasmoaren bitartez, festetan eta gune informaletan euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu dute 200 piratak baino gehiagok.
Hiru partaide, ‘Hartu Txanpa’ egitasmoaren txapak erakusten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako Piraten mugimenduaren barruan, euskara lan taldea sortu zuten iaz. Urte honetan zehar, gogoeta prozesu batean egon dira murgilduta, eta Aste Nagusian lehen egitasmoa jarri dute abian. Hartu Txanpa du izena, eta Egia eta Añorgari jarraiki, astebetez festa euskara hutsean bizitzeko erronka jarri dute.
Euskara taldeko kideek azaldu dutenez, hizkuntzaren aldeko zerbait egin behar zutela uste zuten: «Egia eta Añorgan egin dutena jaietako esparru informalera eraman nahi genuen. Donostiako Piratak euskaraz bizi den mugimendu bat da, eta egoera formaletan –bileretan, esaterako– beti euskaraz egiten da. Baina, parranda giroan, ikusi izan dugu errazago pasatzen garela gaztelerara».
Egoera horren adibide argiena txoznetako barran gertatzen dela diote: «Konturatu ginen gazteleraz eskatzera zetozenei, hizkuntza berean egiten geniela, euskararekin saiatu beharrean. Gune horietan euskarari indar gehiago emateko beharra ikusten genuen. Azken finean, gure helburua da erabileran dauden ahulguneak detektatu eta horiei aurre egitea».
Hartu Txanpa egitasmoan parte hartzeko deia egin zuten Aste Nagusia hasi baino lehen, eta espero baino jende gehiago animatu da: «Esperientzian parte hartu nahi zutenentzako 200 txapa prestatu genituen, eta jende asko txaparik gabe geratu da. Beraz, arrakasta itzela izan da. Ez genuen halako harrerarik espero. Oso pozik gaude».
Publikoaren profilaren aldetik ere pozik daude euskara taldekoak: «Aurreikusita genuen adin guztietako jendeak parte hartuko zuela, baina harritu gara piraten mugimendutik kanpoko jendea ere animatu delako».
Aholkuak
Partaideei aholku moduko batzuk eman zizkieten, egitasmoan parte hartzeko orduan egin zitzaketenak kontuan hartzeko. Esaterako, beti lehenengo hitza euskaraz izateko esan zieten, «modu horretan ikusi dezakegulako gure usteak batzuetan ez direla zuzenak, eta euskaraz dakiten pertsona askorekin topo egin dezakegula».
Era berean, bigarren hitza ere euskaraz izateko aholkatu diete partaideei, nahiz eta elkar ez ulertu, elkarrizketa elebidun bat mantendu daitekeela uste baitute.
Egitasmoaren balorazio gisa, txapa daramaten batzuekin izan dira antolatzaileak: «Bideo batzuk grabatu ditugu beraiekin, euren esperientzien berri emateko eta egindako lana islatuta gera dadin. Adibidez, barra turno batean atzerritar bat etorri zitzaion partaide bati, eta keinuekin moldatu zen euskaraz hitz egin ahal izateko. Askotan, gure sorpresarako, euskaraz ez dakien batekin gure hizkuntzari eutsi diezaiokegu. Oso aberasgarria da».