Joseba Barriola. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
XVII. mendeko piraten mugimendu iraultzaile demokratikoarekin maitemindu da, eta orain, mundu guztiarekin partekatu nahi du ezagutu berri duen historia.
Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Legazpin jaioa naiz, 1948an. Joan den uztailaren 16an 68 urte bete nituen. Adin honekin mundu guztiari gomendatuko nioke Julio Cortazarren Rayuela liburuaren 68. atala irakurtzea. Lasai, orri bakarra da eta. Kapituluaren erdian, ‘¡Evohe! ¡Evohe!’ dio. Zer esan nahi du? Bizitzeko plazera. Eta momentu honetan zer naizen? Pirata bat naizela uste dut, niretzat bizitza plazer bat delako.
Piraten historiari buruz asko dakizula esan digute…
Esajeratua! Iaz Errenterian egiten den Atlantikaldirako hitzaldi bat prestatu nuen. XVIII. mendean Errenteriako jendearentzat Atlantikoa zer izan zen azaldu nuen. Hori ikertzen ari nintzela izan nuen Atlantiko Beltzaren berri. Esklaboen trafikoaren eta kolonizazioaren garairik indartsuena izan zen. Baita nekazarien borroka askoren garaia ere.
Iazko hitzaldiak nire begien aurrean jarri zuen piratei buruz dagoen ideologia interesatuaren desmitifikazioa. Liburu batzuk irakurri ondoren, ondorio argi bat atera dut: piratena izan zen mugimendu demokratiko iraultzaile bat, XVII. eta XVIII. mendeen artean eman zena. Mugimendua, ontzi pirata asko koordinatuta egon zirelako. Eta demokratikoa, ontzi pirata bakoitzean matxinadak izan zirelako, eta agintariak bota zituztelako. Ontziak ziren kapitalismo merkantilistaren pieza klabe bat. Ontzian eramaten ziren esklaboak, manufakturak, kakaoa, azukrea… Piratak burujabeak ziren, ez zeuden inoren mende. Euren araudia ere idatzita zuten, eta garaiko monarkia haiek baino demokratikoagoak zirela egiazta daiteke. Ez ziren esklabistak, beltz asko zeuden ontzi piratetan. Eta batzuk kapitainak izan ziren. Emakumeekiko ere errespetua zuten. Bi emakume pirata kapitainen izenak ere aurkitu ditut.
Zergatik izan zen iraultzailea?
1720 inguruan, garaiko inperio kolonialista guztiek bat egin eta piraten aurkako gerra hasi zuten. Ehunka pirata zintzilikatu zituzten portuetan, eskarmentu gisa. Baina askok ihes egin zuten, eta beltzekin, indioekin, soldadu desertoreekin elkartu ziren. New York, Boston, Port Au Prince, Bristol, Londres… Kostaldeko hiri askotan matxinada kate bat eman zen 1740 inguruan. Eta mugimendu hori bukatu zen hiru iraultza handiekin: Frantziako iraultza, AEBetakoa eta Haitikoa. Azken hau izan zen sakonena, esklabotzarekin amaitu zuena. Mugimendu honen aurka elkartu ziren inperio guztiak. Napoleon bera ere saiatu zen, baina galdu egin zuen! Horrela ezagutu nuen piraten historia, eta maitemindu egin nintzen. Filmetan erakusten diguten pirata zikin eta biolentoekin ez du zerikusirik. Piratak gutxietsi eta monarkiak goraipatu ditu historiak, inperio haiek ilustrazioa eta zibilizazioa ekarri zutela sinetsaraziz. Garaileen historiaren ikuspegia dugu, iragan bat fabrikatu dute, eta piratoi dagokigu beste iragan bat fabrikatzea.
Donostiako Piratekin ere izan zara Atlantiko Beltzaz hitz egiten.
Duela bi urte joan nintzen piraten Aste Nagusira. Antolatzaile bati elkarrizketa bat egin, eta txundituta geratu nintzen. Euren araudi propioa zuten: parte hartzea, parekidetasuna, sortzaile izatea… Esperientzia oso interesgarria izan zen. Ondoren, piraten historian sakondu nuenean, beraiekin harremanetan jarri, eta Atlantiko Beltza jardunaldietara gonbidatu ninduten. Musika beltz espiritual bati letra jarri eta denok elkarrekin kantatu genuen: «Hauxe da piraten legea, kateak haustea. Hauxe da piraten legea, bizitza plazer bat da». Piraten XVIII. mendeko matxinada hemengo piraten borroka bera da, baita Kukutza, Kortxoenea eta Mikelazulo elkartearena ere. Bizitzaren plazera oinarri hartuta, kateak hautsi behar ditugu!
Mikelazulokoekin, hain zuzen, Lampedusara zoaz, Harresirik Gabeko Lurraldeak proiektuaren barruan.
Lampedusakoa bidaia pirata bat da. Ea pirata guztiak batuta gai garen mozteko gerraren hari horiek. Bizitza gozatuz, kateak hautsiz. Orduan irribarreak bikoitza balio du eta!