Jende asko dagoen tokian zabor asko sortzen da. Horregatik, batzuek Aste Nagusiaz gozatzeko, beste batzuek hiria txukun mantentzeko lan egin behar dute.
Goizean goiz Portu kalean pilatutako zaborra. (Argazkia: Malen Aldalur)
Aste Nagusian hainbat gehiegikeria egiten dira. Gehiago jaten da, gehiago edaten da, diru gehiago gastatzen da, eta zabor gehiago sortzen dugu. Gauean etxeratzean kaleak zikin utzi arren, goizean esnatzean dena txukun aurkitzera ohituak gaude. Baina horretarako, «garbiketa mekanismo indartsuak» behar dira; esaterako, «Aste Nagusirako Garbiketa Plan berezia».
Udalak zabor bilketarako plan zehatz bat aktibatzen du Aste Nagusian: abuztuaren 13tik 20ra. Jaietan, guztira, 127 langilek 6.223 orduz garbitzen dituzte Donostiako kaleak.
Goizeko bostetan, zenbait oraindik garagardoa eskuetan dabiltzala, hasten dira lehen garbitzaileak lanean. Dena den, parrandazaleak ez dira zaborra sortzen duten bakarrak. Su artifizialen aurretik, bitartean eta ondoren sortzen den zaborra jasotzeko lan egiten dute garbitzaileek gau eta egun.
Hiria txukun mantentzea ez da lan makala, eta horretarako 10 langile gehiago hartzen dituzte Aste Nagusian; igande eta jai egunetarako, berriz, 20 gehiago.
Izan ere, egitarau ofizialeko festa guneez gain, garbiketa zerbitzuek piraten jai guneak ere aintzat hartzen dituzte: Kaia, Trinitate plaza, eta Zuloaga plaza, hain zuzen ere. Gune horietan, esaterako, komun publikoak eta zakarrontziak jartzen dituzte.
Zaborra gutxitzen
Pirataren bat oraindik Parte Zaharrean bueltaka ibiliko da garbitzaileak agertzen direnean; izan ere, goizeko 6:30erako hasten dira Aste Nagusi Piratako guneak garbitzen.
Dena den, piratek ez dute guztia garbiketa zerbitzuaren esku uzten, eta hainbat neurri hartzen dituzte «ahalik eta zabor gutxien sortu, eta sortutakoa jaso eta sailkatzeko». Hala azaldu du Nahiko Arraiza Aingura kofradiako kideak.
Orain hiru urte sortu zuten kofradia «ingurumena maitatu eta zaintzeko» helburuarekin. «Barraren atzean, esaterako, birziklatzeko protokolo bat jarraitzen dugu, eta gauaren bukaeran sortutako zabor guztia sailkatu eta birziklatzen da», adierazi du.
Bestalde, azken urteetan zenbait neurri hartu dituztela azpimarratu du Arraizak: «Nautikotik La Flamenkara bitarteko gunean zikinkeria asko geratzen zen eta azken bi urteetan zakarrontziak jarri ditugu kaia garbiago geratu dadin». Gaineratu du, abordatzearen egunean ere neurri bereziak hartzen dituztela itsasora zaborrik joan ez dadin.
Dena den, Piratek uste dute sortutako zaborra «behar bezala jasotzeaz gain», ahalik eta zabor gutxien sortzean dela gakoa. Horregatik, aurten txosnetan banatuko dituzten edalontziak kontzertuak bukatu arte, soilik, itzuli ahal izango dira: «Jendeak edalontziak tabernetan ere erabiltzea nahi dugu».
Tabernari batzuekin hitz egin dutela dio Aingurako kideak eta, ondoren, berriro eurek jasoko dituztela tabernetan geratutako edalontziak.
Gainera, azaldu du aurten plastikozko ur botilak ez saltzeko ahalegina egingo dutela. «Ura eskatzen dutenei edalontzian ateratzeko ahalegina egingo dugu; eta ur minerala nahi duenari botilatik edalontzira aterako diogu horrela gero guk birziklatu ahal izateko».
Azaldu du pixkanaka zabor gutxiago sortu ahal izateko neurriak hartzen ari direla piratak: «Ondo dago zaborra birziklatzea, baina ez sortzea da gakoa».