Lopez piroteknia etxea, aurtengo garailea
Ostegunean eskaini zuten euren ikuskizuna galiziarrek.
Herritarren artean harrabots handiena sortu duten su artifizialak izan dira Lopez piroteknia etxearenak, eta oraingoan ikusleak ez dira oker ibili.
Ostegunean eskaini zuten euren su ikuskizuna. Euren kolore, mugimendu eta bereziki soinu festak liluratu zituen ikusleak.
Galiziakoa da Lopez piroteknia etxea eta lehen aldia da Donostiako su artifizialen lehiaketan parte hartzen duena.
Aurten, kultur hiriburu izan diren hiri eta herrialdeetako su etxeek hartu dute parte lehiaketan. Adituen arabera, batzuetatik besteetara alde nabarmena egon da. Edonola ere, Lopez piroteknia etxeak jaso du ikusleen eta epaimahaiaren lehen saria.
Bigarren saria Astondoa su-etxe bizkaitarrarentzat izan da, eta hirugarren saria, Madrilgo Disconfa etxearentzat.