Amurrioko jokalari olinpiarrak agur esango dio eskubaloiari, goi mailan hamasei denboraldi osatu ostean.
Eli Pinedo, artxiboko argazki batean. (Argazkia: berabera.com)
Eskubaloiaren goi mailan hamasei denboraldi arrakastatsu osatu ditu Eli Pinedok. Donostiako
Bera Bera Eskubaloian egin ditu urte gehienak, eta Espainiako selekzioko jokalari garrantzitsuetako bat ere izan da. Aurten, Rioko Olinpiar Jokoak jokatu ostean, 35 urterekin, profesionalki kirola uztea erakabi du Pinedok, eta hala jakinarazi zuen joan den astean. Bestela izan ezin zuen moduan, Bera Berak omenaldia egingo dio, irailean.
“Ezker hegaleko jokalariak uzten duen ondarea kirol ekarpenaz haratago doa, izan ere, promozioa eta zabalkunde aldetik sekulako bultzada eman dio eskubaloiari”, azaldu du Bera Berak bere webgunean. Hemendik aurrera erronka berriei heltzeko zorterik onena opa dio klubak Pinedori, eta omenaldi bat eskainiko dio, Txapeldunen Ligaren atarikoan, Gaskan, irailaren 9an eta 10ean izango diren partidetan.
Ibilbide oparoa
Bera Berako lehen taldearekin 1999-00 denboraldian egin zuen debuta Eli Pinedok. Bost denboraldi burutu ostean beste proiektu batzuei aurre egin zien: la Union Ribarrojan, Sagunton, hiru denboraldi Itxakon, eta beste bat Danimarkako Odensen. Ondoren, 2011-12 denboraldian, Bera Berara itzuli zen, eta bertan amaiera jarri dio bere kirol ibilbideari. Bera Berak jakinarazi duenez, azken bost denboraldietan, gutxienez gol bat sartu du Bera Berarekin jokatu dituen partida guztietan, Liga, Kopa, nahiz Europako lehietan.