Bi motor erre dituzte Prim kalean bart.
Motorrak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Goizaldeko 5:00ak inguruan bi motor erre dituzte Prim kalean. Ez da kasu isolatua, udaberritik hona halako hainbat gertakari izan baitira.
Apirilean motor bat erre zuten Parte Zaharrean. Ondoren beste bat Amarako Azpeitia kalean. Uztailean beste bi erretze gertatu ziren gau berean, Grosen. Abuztuaren 24an, berriz,
11 motor erre zituzten Grosen, Marino Tabuyo kalean.
Bart gauekoa bosgarren kasua izan da.
Kasu isolatuak, istripuak edo propio eragindako erretzeak izan daitezke. Hipotesi guztiak aztertzen ari dira. “Zantzu guztien arabera, gertakari guztiek lotura dute, eta nahita piztutako suteak izan dira”, azaldu du Martin Ibabe Hiritar Segurtasuneko zinegotziak.
Ikerketak zabalik daude, eta azken hilabeteetan pare bat pertsona atxilotu dituzte, baina Ibaberen arabera, bide guztiak zabalik daude. Motorrei sua ematen dien
pertsona bat edo bat baino gehiago daudela uste dute.
Gogor gaitzesi ditu Ibabek gertaerak: “Kalte materialak sortzeaz gain, arrisku larrian jartzen dituzte inguruko bizilagunak eta baita larrialdi zerbitzuetako langileak ere. Gertaera hauek onartezinak dira, eta urteko 365 egunak eta eguneko 24 orduak lanean jarraituko dugu erantzuleak aurkitu eta justiziaren esku uzteko”.
Udal gobernuko ordezkariak pozik daude hiriko segurtasunaren aldetik, “uda lasaia” izan delako, baina motorren erretze hauekin kezkatuta daude.
Poliziaren zaintza indartu dute, baina hortaz gain, herritarren laguntza eskatu dute: “Eskertuko genuke edozein herritarrek jokaera susmagarriren bat edo ibilgailu pribatuen aurka norbait zerbait isurtzen ikusiko balu, poliziari deitzea; Ertzaintzari edo udaltzainei. Horrek asko lagunduko luke zaintza eta kontrol lanetan”.