Jardueraz beteriko hamaika egun izango dituzte Euskal Jaiek
Bihartik irailaren 11ra ospatuko dira; egitarauak 84 ekitaldi jasotzen ditu.
egitarauaren zutabe nagusia: bihar, osteguna, Kontxako sailkapena egingo dute, eta datozen bi igandetan –irailaren 4an eta 11n– jokatuko dituzte beste estropadak. Bigarren igandean Kontxako Bandera nork eskuratuko duen ezagutuko da. Baina, horretaz gain, euskal jaietaz gozatzeko 80 ekitaldi baino gehiago egongo dira: Sagardo eguna, habanerak eta Urkoren errezitaldia, besteak beste.
2016ko uztako lehen sagarra
Konstituzio plazako Sagardo eguna igandean izango da, irailaren 3an, 35 sagardotegietako sagardoarekin. Berrikuntza gisa, 2016ko uztako lehen sagarra jo eta momentuan bertan muztioa dastatzeko aukera egongo da. Gainera, erakusketak eta dastaketak izango dira, eta omenaldia egingo diote Elhuyar Fundazioari, Sagardoa bidegile dokumentala egin izanaren esker ona adierazteko. Hala, bertsolari, dantzari eta txistulariek lagunduko dute omenaldia.
Bertako produktuak sustatu nahian, bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte; hala nola, Gipuzkoako tomateen erakusketa eta lehiaketa (irailaren 3an, 10:00etan, Bulebarreko kioskoan), eta Basque Beer Fest (irailaren 8an, 18:00etatik aurrera; eta 9an eta 10ean, egun osoan zehar, Bulebarreko kioskoan). Azken horretan euskal garagardo ekoizleek euren garagardo artisauak aurkeztuko dituzte.
Euskal zinema, kalera
Euskal sorkuntzari dagokionez, Katalina Erauso pastoralaren desfilea egingo dute irailaren 3an, 17:00etan, Zuloaga plazatik abiatuta. Euskal zinema kalera aterako dute, irailaren 8an, 21:30ean, Trinitate plazan. Izan ere, Gure sorlekuaren bila filma ikusi ahal izango da, Parte Zaharreko Jai Batzordeak antolatuta.
Dantza eta bertsoek ere ez dute hutsik egingo. Irailaren 3an, Donostia Bertsotan emanaldia eskainiko dute Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak, Jexux Mari Irazuk, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek, 22:30etik aurrera, Konstituzio plazan. Gainera, Dantza Sueltoko txapelketa egingo dute irailaren 4an, 18:00etan, Konstituzio plazan ere bai.
Kirolari dagokionez, estropadaz gain, Herri Kirolen zazpi herrialdeen arteko txapelketa jokatuko dute irailaren 3an, 17:00etatik aurrera, Saguesen. Era berean, Kontxa badiako LXXIII. zeharkaldia ere izango da nagusi, irailaren 10ean, 11:00etan.
Hiriburutza
Amaitzeko, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin lotuta, hainbat jarduera antolatu dituzte: Emakume pilotarien topaketa irailaren 3an, 11:00etan, Bulebarreko kioskoan; Euskal Herria kantuz egunarekin 700 parte hartzailetik gora izango dira hirian, kaleak alaitzen, irailaren 3an; eta, egun berean, 20:00etatik 21:00etara, Ibaikanta izeneko jarduera egingo dute. Juan Jose Oconen gidaritzapean, Eskola Gurutzeaga abesbatzak itsasontzi barruan eta kantuan egingo du ibilaldia, Loiolako Lugañene zubitik Mikel Laboa zubiraino.
Musikarekin lotuta, Urko abeslariak kontzertua eskainiko du irailaren 9an, 19:30ean, Konstituzio plazan. Artista donostiarrak bere abesti ezagunenak kantatuko ditu Bilboko Udal Musika Bandarekin batera. Bestalde, Kaian, habanerak abestuko dituzte egun berean, 21:00etan. Goratzar, Ibaiertz eta Luberri abesbatzak izango dira protagonista, eta ikuskizunerako bereziki sortutako eszenifikazioa egongo da ikusgai. Irailaren 10ean, berriz, Gabon Txirrita antzezlanaz gozatzeko parada izango dute herritarrek, 21:00etan, Trinitate plazan. Bertsolariaren heriotzaren 80. urteurrena gogoratuz, hiriburutzak eta Urnietak Letek 1982. urtean taularatu zuen ikuskizuna eskainiko dute.
Donostiak 23 urte daramatza Euskal Jaiak ospatzen, eta aurtengo edizioa jardueraz beteta dator. Estropadak dira, ohi bezala,