Igeldoko jolas parkea agertoki bilakatzeko prest dago jada
Bihar, osteguna, ongietorri jaialdia egingo dute Tabakaleran, 20:30etik aurrera.
Kartelean ez dago ezustekorik, iaz baina sarrera gehiago saldu dituzte dagoeneko, eta eguraldi iragarpenak onak dira. Donostia Kutxa Kultur Festibalaren antolatzaileak pozik eta irrikaz daude, aurtengo musika jaialdia arrakastatsua izango delakoan.
Urtetik urtera berrikuntzak egiten saiatzen dira, eta aurten ere halaxe izan da. Ikusgarritasuna eman nahi diote Igeldoko jolas parkeari. Horregatik, agertoki berri bat prestatu dute: Pato agertokia. Sarrerako urmaelean egongo da, eta musikariak eta dj-ak txalupatxoetan bertaratuko dira hara.
Pato agertoki berriaz gain, aurreko Keler agertokia, Kutxa Kultur agertokia eta Antzoki Abandonatua egokituko dituzte emanaldietarako.
Hortaz gain, jolas parkeko ikurra den dorrea argiztatuko dute kontzertuen ondoren. Jaime de los Rios eta Enrique Sanchok egindako Art Ex Machina lana proiektatuko dute hormetan.
Gainera, 21:00etaraino zabalik egongo dira agertokietatik gertuen dauden atrakzioak: autotxokeak, arrantza etxola, txalupak, labirintoa…Antolatzaileek jolas parkeaz gozatzea nahi dute musika emanaldien aurretik. Eta jolas egiteko gune bat izanik, ezustekoak ere iragarri dituzte. Labirintora sartzen ausartzen direnek, esaterako, emanaldi bereziak topatuko dituzte bertan.
Aurtengo beste berrikuntzen artean, cashless sistemaren bidez ordaintzeko aukera izango da. Diruz edo txartelarekin, jaialdiko eskumuturrekoari alta emateko aukera eskainiko dute, barra edo janari guneetan eskudirurik erabili gabe ordaindu ahal izateko.
Musika eskaintza zabala
Dagoeneko musika jaialdietan lekua hartu du Donostia Kutxa Kultur Festibalak, eta kokapen bereziaz gain, musika eskaintza ere “kalitatezkoa” izatea nahi dute. Sergio Cruzado jaialdiaren antolatzailearen esanetan, nazioarteko musikarien eta bertako sortzaileen arteko oreka bilatu nahi izan dute.
Besteak beste, Berri Txarrak, Belako, Rural Zombies, Perlak, Izaro, eta Borrokan nabarmendu dituzte bertakoen artean. Neuman, !!! (Chk, Chk, Chk), eta Bloc Party, nazioarte mailakoen artean.
Antolatzaileak gustura daude, kartel “anitza eta aberatsa” lortu dutelako. Aurten gainera, kultur hiriburutza izanik, DSS2016rekin elkarlanean, musika jaialdia hiriko beste gune batzuetara zabalduko dute. Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba, eta Teilatu Laua, Reparadoras elizaren alboko komentua, Easo kalean. Arrasate kaleko Kutxabanken egoitzaren aurrealdean ere Izaro musikariak kontzertua eskainiko du, bihar, 20:00etan.
Bihar, osteguna, egingo dute jaialdiaren ongietorri saioa, Tabakaleran. 20:30ean Ane Leux ariko da zuzenean. Kolonbiatik etorritako taldea da, eta jaialdiaren aurkezpenean izan da gaur, Igeldoko jolas parkean.Ondoren, Dan Wilson & The Cunterfactuals ariko dira.
Teilatu Lauan, berriz, Iban Mato dj eta Iñigo Serrullak joko dute, 20:30etik aurrera. Eta Jessy Lanza, 22:30ean.
Ostiralean eta larunbatean Igeldoko jolas parkean ariko diren taldeen zerrenda eta ordutegia Donostia Kutxa Kultur Festibalaren webgunean ikus daiteke. Eta musika gogoz geratu direnentzako jaialdi osteko saioak eskainiko dituzte Egiako Gazteszenan, 02:30etik aurrera.
Igandean, berriz, ajea pasatzeko, Telmo Trenor eta dj gonbidatu bat ariko dira A Fuego Negro tabernan, 15:00etan.
Iaz, jaialdia hasieran baino sarrera gehiago saldu dituzte dagoeneko, beraz, jolas parkea betetzea espero dute antolatzaileek. Dena den, oraindik 1.000 sarrera inguru daude salgai. Hona sarrerak eskuratzeko bideak: Kutxabank sarea, ticketmaster sarea, FNAC, Carrefour, Halcon bidaiaken bulegoetan edo 902 150 025 telefonora deituta.
Aurrez erosita, bonuak 50 eurotan eros daitezke. Txarteldegian 60 euro balioko dute. Eta eguneko sarrerak, berriz, 35 euroren truke salduko dituzte.