Estropadak jokatzen diren bi igandetan, metroaren eta errausketaren aurkako mugimenduak mobilizatuko dira.
Errausketaren aurkako giza katea egingo dutela adierazi dute komunikabideen aurrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskal Jaien barruan jokatzen den Kontxako Banderako bi igandetan, hondartza aldarrikapenez beteko da. Izan ere,
irailaren 4an, Satorralaiak
Metroa gelditzeko protesta egingo du; eta,
irailaren 11n, berriz,
giza kate bat osatuko dute errausketaren aurka dauden herritarrek.
Satorralaiak adierazi duenez, hamarnaka lagun elkartu nahi dituzte irailaren 4an: “11:30etik 12:30era Kontxa hondartzaren erdian (erlojuen mailan) lerrokatuta pankarta eta banderekin jarriko gara, Metroaren proiektua gelditzeko eskatzeko, eta bertan dagoen jendeari aldarrikapena helarazteko”. Era berean, pasealekuan esku orri informatiboak banatuko dituzte.
Giza katea, errausketaren aurka
Bestalde, irailaren 11n, errausketaren kontrako aldarrikapenak beteko du Kontxa hondartza. Hain zuzen ere, giza kate bat antolatu dute
11:30erako, eta jendeari parte har dezan dei egin diete, kartealak, kamisetak eta bestelakoak eramateko eskatuz.
Errausketaren aurka daudela adierazteko hainbat argudio dituztela salatu dute gaur egin duten agerraldian; besteak beste, “munduko parte desberdinetan egindako ikerketek gizakion
osasunarentzako eta ingurumenarentzako kaltegarria dela adierazi dute”.
Horregatik,
irtenbide bat bilatu beharra dagoela nabarmendu dute, eta aldundia zein Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari ondorengo
eskaerak egin dizkiete:
- Esku artean duten proiektua albo batera utz dezatela.
- Prozesu parte hartzaile bat abian jar dezatela, non talde politikoez gain, hondakinen kudeaketan interesa duen gizarte eragile guztiek eta iritzi desberdinetako zientzialari eta esperientzia duten pertsonek parte hartuko duten.
- Akordiozko irtenbide bat bilatu dezaketela hondakinen kudeaketarako, “betiere Europako Legebiltzarrean 2015eko uztailaren 9an onartutako ebazpenaren ildoa jarraituz”.