Erraketistak, beraien omenez egindako erakusketan. (Argazkia: Malen Aldalur)
Egurrezko erraketekin teniseko pilotak joz aise moldatzen ziren Euskal Herriko emakume erraketistak. Euren abilezia erakutsi eta denbora gutxian hasi ziren larruzko pilotekin. 1917 eta 1980 urte bitartean egin zuten beraien ibilbidea. Aurten, Euskal Jaien barruan emakume hauek omendu nahi dituzte eta, horretarako, gaiaren inguruko hitzaldia, erraketa partida eta Euskal Jaietan zehar erakusketa egingo dituzte.
15 urterekin hasten ziren entrenatzen, eta Espainiako Estatuan zein Ameriketan jokatzen zuten. Familia askorentzat bizi sostengu izatera ere iritsi zen emakume hauek erraketan irabazten zutena. Dena den, ez zen guztia erraza izan; Euskal Herrian gaizki ikusiak zeuden emakume erraketistak, ez zituztelako garaiko emakumeen moldeak betetzen.
Raketistak Lehen eta Orain Kultur Elkartean bi urtez egindako ikerketa lanaren ondoren emakume hauen lana ikusarazteko erakusketa egingo dute aste osoan zehar Ramon Labaien plazan.
Bestalde, irailaren 7an, emakume erraketisten inguruko hitzaldia eskainiko dute San telmon. Parte hartzaileak: Jon Juanes Raketistak Lehen eta Orain Kultur Elkarteko kidea, Agustina Otaola raketista profesional ohia eta Maider Mendizabal, egungo pilotari profesionala eta elkarteko kidea.
Azkenik, irailaren 9an erraketa partida egingo dute arratsaldeko 19:30etan udal kiroldegiko frontoian. Jokalariak: Amaia Irazustabarrena, Susana Muneta, Nagore Martin eta Maria Saez.