1911. urtean ireki zutenetik berekin du misterioa eta xarma Igeldoko parkeak. Kokapen ikusgarria du, eta beharretara egokitzen ikasi du gainera. Gaur biharretan Kutxa Kultur Festibalaren agertoki bihurtuko da bosgarren urtez.

Igeldoko jolas parkeko altxorretako bat da mendiko trena. (Argazkia: Kutxa Fototeka, 1944)
Denbora gelditzen den lekurik bada, Igeldoko jolas parkean gelditzen da. Eta denborarekin jolas egiteko modurik bada, iratxoei galdetu; haiek dakite ondoen.
1911. urtean ireki zuten Igeldo mendiko gunea. Kasino bat egin zuten lehenik; dantzagune izan zen gero; eta, azkenik, gaur egun ezaguna den jolas parkea. Urteak daramatza, hortaz, itsasoa eta hiria zelatatzen.
Aholku bat. Igo zelatari nagusira. Igo dorrera, harrizko horma sendoen kontra jarri, eta begiak itxi. Bai, ederra da paisaia, baina itxi begiak, eta sentitu itsasoko haizearen laztana. Denboraren erreinua bada Igeldo, ez dago hara presaka igotzerik. Horregatik doa funikularra ere poliki-poliki, lehen egunean bezalaxe, hiriko presei jaramon egin gabe.
Hartu arnasa sakon dorrearen puntatik. Eta adi egonez gero,
Igeltxo dragoiaren orroa ere entzungo duzue agian. Edo izuaren etxetik datozen garrasiak; edo sarrerako gorilaren algara maltzurrak dira horiek? Agian mendiko trenean igo eta tunelean sartzera doanean burua galduko duen ikaraz oihu egin duen mutilaren izua da hori. Gitarra hotsak dirudite bada.
Barre algarak, urruneko oihuekin nahastuta. “Bai, bai…” agertoki gainean probak egiten ari da norbait. Gitarra hotsak dirudite ba. Karruselaren musika zera hori izango da; denboraren zurrunbilotik atera ezinik dabilen karrusela, bira eta bira.
Eta orduan bai, jolas parkearen misterioak guztiz sorgindu aurretik ireki begiak. Begiratu ingurura. Denborarekin eta musika doinuekin jolas egiteko egunak dira gaur eta biharkoa.

Kutxa Kultur Festibalerako ia sarrera guztiak salduta daude. (Argazkia: Kutxa Kultur Festibala)
Bosgarren urtez
Kutxa Kultur Festibalak jolas parkea agertoki bihurtuko du. Formatu txikiko hainbat kontzertu egingo dituzte parkean zehar egokitu dituzten lau agertokitan, 17:00etatik aurrera. Aurtengo berrikuntzen artean, Pato agertokia dago. Urmaelean jarri dute, eta musikariak txalupatxoetan hurbilduko dira. Ondoko lamia handiak nola begiratzen duen ikusita, dar-dar egin gabe abesteko gai izango ote dira.
Ahatetxoak harrapatzeko gunea, dordoken lasterketa, baso misteriotsuan barrena doan trena, labirintoa.
Cashless edo eskudirurik gabeko ordainketa, 360 gradutan ikustea ahalbidetzen duten betaurrekoak; harriduraren harriduraz harrizko bihurtu den dorrearen hormetan egingo duten bideomappinga…
Denborarekin jolas egin nahi duenak Igeldon du aukera, musikak hegan egiteko hegalak ematen baititu. Oroitzapen, amets, eta magiaren erreinura hegan.