Mendeurrenaren plazako komun publikoak utzita daude gaur egun. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Denbora luzez itxita eta erabili gabe egon diren Mendeurrenaren plazako komun publikoak kafetegi bihurtu nahi ditu udalak. Lehiaketara aterako du ostalaritza proiektua.
Amarako berdegunean kafetegia eta terraza jarri nahi dute. Ostalaritzako enpresari batek egindako proposamena dela bultzatu dute aldaketa gune honetan.
Donostiako Sustapenak aztertu du ea zein eragin izango lukeen garai bateko komunak hartu zituen eraikina kafetegi-taberna bihurtzea, eta atera duen ondorioa da Amarako gune hau erakargarriagoa izateko aukera dagoela. Hutsik dauden eraikinak erabiliz, eta merkataritza zein ostalaritzara bideratuta, inguru lehiagorrago bat sortuko duelakoan daude.
Eraikina 15 urterako utziko diote proiektua adjudikatzen dioten enpresari. Gutxienez 70.000 euroko inbertsioa eskatzen du. Ia 50 metro koadroko espazio honetan kafetegi-taberna, terraza eta komun publikoak jarri beharko ditu.Negurako abian jarri nahi dute proiektua.
Ernesto Gascoren ustez, proiektua oso interesgarria da:?«Egun utzita dagoen plaza da, baina jende asko pasatzen da, eta azkenean herritarrek gune honetaz gozatu ahal izango dute».