Euskal Herria Kantuz Eguna ospatzeko, kantujiraz gain, Euskal Kantagintza Berria mugimenduko kantari, idazle, musikari eta sortzaileak omenduko dituzte

Itziar Zamora eta Rosi Garrido, Euskal Herria Kantuz-eko kideak, liburuxka bat eskuan dutela. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskal Jaien barruan, abestiek zein musikak garrantzi berezia izango dute aurten. Izan ere, larunbatean, arlo horiekin lotutako bi ekitaldi izango dira hirian: alde batetik, mila lagun inguruk Euskal Herria Kantuz Eguna ospatuko dute; eta, bestetik, Urumeatik barrena joango den kontzertu ibiltari bat eskainiko du Gurutziaga abesbatzak.
Dagoeneko 700 lagunek eman dute izena Manteon egingo duten bazkari herrikoierako, baina hiriko kaleetatik zehar mila lagunetik gora abesten aritzea espero dute antolatzaileek. «Europako leihatila hau probestu, eta Euskal Herri osoan ematen den gure kultur jarduera erakustea da helburuetariko bat», azaldu du Euskal Herria Kantuz-eko kide Rosi Garridok.
Hala, herri ezberdinetatik etorritako kantuzaleei ongi etorria emango diete larunbatean, 11:00etan, Alderdi Ederren, eta bertatik irtengo da kantu jira erraldoia. Nahi duen orok batzeko aukera izango du, eta prestatu dituzten abestien liburuxkak eskuratu. Abel Muniategi, Benito Lertxundi eta Gabriel Arestiren abestiak kantatuko dituzte, besteak beste.
Bazkalostean, ekitaldi nagusia izango da Trinitate plazan, Zuei, 50 urtez euskal kultura garatzen, sortzen izenburupean.
Izan ere, duela 50 urte Euskal Kantagintza Berria mugimenduan parte hartu zuten idazle, kantari, musikari orori euren esker ona eman nahi diete, «beren lanekin gure musika ondarea berreskuratu eta ehunka lan berri eskaini dizkigutelako». Itziar Zamorak azpimarratu duenez, oso ekitaldi berezia izango da Trinitate plazakoa, «publikoak parte hartzeko aukera izango baitu».
Era berean, egun lanean ari diren sortzaileengan ere jarri nahi dute beraien arreta. Gazte sortzaileei euren bultzada eman nahi diete, eta horien aldeko politikak ezarri daitezela aldarrikatu.
Kontzertu ibiltaria
Larunbateko plana amaitzeko, Ibaikanta izeneko kontzertu ibiltaria antolatu dute, 19:30etik 21:00etara. «Kantua eta musikaren bidez, Urumea ibaia zeharkatuko du Gurutziaga abesbatzak, eta bi geldialdi egingo ditu. Bitartean, inguruan dauden herritarrek musikaz gozatzeko aukera izango dute. Isiltasunak eta espazioak berak rol berezia izango dute», azaldu du Marina Estebanezek, jardueraren antolatzaileetako batek.
Ibilbidea Loiolako Lugañene zubitik hasiko da, eta Mikel Laboa zubian amaituko da. Juanjo Ocon orkestra zuzendariaren gidaritzapean, Gurutziaga abesbatzak kantatu egingo du ibilbidean zehar.
Lehenengo geldialdia Loiolan egingo dute, Latsarien plazaren aurrean. «Bertan, Ttirriki Ttarraka musika taldea arituko da, ingurua girotzen. Hala, jendeak bidegorritik jarrai gaitzake», adierazi du Iñigo Aristegik, jardueraren beste antolatzaile batek.
Bigarren eta azken geldiunea Mikel Laboa zubiko ontziratokian izango da. Bertan, Iñaki Salvador artista eta musikaria egongo da, bere pianoarekin, eta Ainhoa Zubillaga eta Ainara Ortega bakarlariekin batera Mikel Laboaren abestiak eskainiko ditu.
Euskal Jaiak «biribilak» izan daitezen, 84 jarduera antolatu dituzte
Donostiak 23 urte daramatza Euskal Jaiak ospatzen, eta aurtengo ediziorako 80 jardueratik gora prestatu dituzte. Estropadak dira, ohi bezala, egitarauaren zutabe nagusia. Halere, beste hainbat ekitaldi ere izango dira hirian, irailaren 11 bitarte.
Konstituzio plazako Sagardo Eguna larunbatean izango da, 35 sagardotegitako sagardoarekin. Berrikuntza gisa, 2016ko uztako lehen sagarra jo eta momentuan muztioa dastatzeko aukera egongo da. Gainera, omenaldia egingo diote Elhuyar Fundazioari, Sagardoa bidegile dokumentala egiteagatik esker ona adierazteko.
Hemengo produktuak sustatu nahian, bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte; hala nola, Gipuzkoako tomateen erakusketa eta lehiaketa –larunbatean, 10:00etan, Bulebarreko kioskoan–, eta euskal garagardogileak bilduko dituen Basque Beer Fest –irailaren 8an, 9an eta 10ean, Bulebarreko kioskoan–.
Euskal sorkuntzari dagokionez, Katalina Erauso pastoralaren desfilea egingo dute larunbatean, 17:00etan, Zuloaga plazatik abiatuta. Era berean, euskal zinema kalera aterako dute, irailaren 8an, 21:30ean, Trinitate plazan. Hain justu, Gure sorlekuaren bila (Josu Martinez, 2015) filma ikusi ahal izango da, Parte Zaharreko Jai Batzordeak antolatuta.
Dantza eta bertsoek ere ez dute hutsik egingo. Larunbatean, Donostia Bertsotan emanaldian parte hartuko dute Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak, Jexux Mari Irazuk, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek, 22:30ean, Konstituzio plazan. Igandean, aldiz, Dantza Sueltoko txapelketa jokatuko dute, 18:00etan, Konstituzio plazan.
Kirolari dagokionez, estropadez gain, Herri Kirolen zazpi herrialdeen arteko txapelketa jokatuko dute larunbatean, 17:00etatik aurrera, Saguesen. Irailaren 10ean, Kontxa badiako LXXIII. zeharkaldia izango da nagusi, 11:00etan.
Habanerak, Kaian
Hiriburutzarekin lotuta, hainbat jarduera antolatu dituzte: esaterako, Urko abeslariak kontzertua eskainiko du irailaren 9an, 19:30ean, Konstituzio plazan. Bestalde, Kaian, habanerak abestuko dituzte egun berean, 21:00etan. Goratzar, Ibaiertz eta Luberri abesbatzak izango dira protagonista, eta ikuskizunerako bereziki sortutako eszenaratzea prestatu dute. Irailaren 10ean, berriz, Gabon Txirrita antzezlanaz gozatzeko parada izango dute herritarrek, 21:00etan, Trinitate plazan.