Egia "des-maskarada-tzera" doaz
Egun gutxi falta dira Egiako Porrontxoak hasteko, eta jada festarako gogoa nabari da auzoan. Egiako Trebeska dantza taldeak bideo bat zabaldu du sare sozialen bidez, eta irailaren 17an Egia des-maskarada-tzera doazela iragarri dute. Mursegoren ‘Eusnob’ kanta, Tabakalerako inaugurazioko kartela, hipster bizardun bat, Egiako gaztetxea zenaren irudiak 1987an… Egia 1987-2016? Bideo umoretsua jaietan egingo duten emanaldiaren berri emateko. Irailaren 17an, arratsaldez, auzoa des-maskarada-tzera doaz, dantzan.
Gainera, aurten 40 urte bete ditu Trebeska dantza taldeak. 1976. urtean sortu zen Donostian, Egiako Xabier mendi elkartearen barruan, mendizale, musikari eta dantzariak elkartuz. Hasieran, dantza taldeak Xabier izena hartu zuen, mendi elkartearena, alegia. Xabier elkartea mendi talde gisa errejistratuta zegoen, baina estatutuetan kultur jarduerak aurreikusita zeuden. Modu honetan, 1976ko irailean Xabier elkartearen dantza taldea sortu zen. Hasierako urte haietan zortzi eta hamaika urte bitarteko haurrek osatu zuten taldea.
Erlazionatutako edukia40 kandela itzali, eta aurrera