Mikel Pikaza omenduko dute auzotarrek
Larunbatean egingo dute omenaldia; 12:00etan, Plaza Haundin.
Hutsune handia utzi zuen auzoan.
Larunbatean auzotarrek omenaldi bat egingo diote, bere lana eskertzeko. Eguerdian elkartuko dira Plaza Haundin. Pikazak hain gogoko zituen herri batzar bat irudikatuko dute, aulkiak biribilean jarriz plazan. Galdutako laguna gogoratuko dute horrela, bere gustuko abestiak kantatuko dituzte, eta bere liburuak ere banatuko dituzte gerturatzen direnen artean. Horma batean bere soslaia ere margotuko dute. Plaza Berrin haritz bat landatuko dute bere omenez.
IRUTXULOKO HITZA Pikazaren kuadrillako lagunekin eta Egia Bizirik auzo elkarteko kideekin izan da, Mikel Pikaza hobeto ezagutzeko. Ostiraleko papereko edizioan argitaratuko da erreportai osoa.
Uztailean hil zen Mikel Pikaza egiatarra. Hutsune handia utzi du lagun eta auzotarren artean. Izan ere, bere denbora eta indar guztia eskaini dizkie azken urteetan herri mugimendu eta bestelako borroka txikiei.
Egia Bizirik auzo elkartea; LAB sindikatua; Metroarena aurkako mugimendua; AHTaren aurkako taldea; Duintasuna; ekonomia sozial eta eraldatzailea; Ezker abertzalea; Txondorra… Talde askotan egin zuen bere ekarpena Pikazak. “Langilea eta umila. Beti lanerako prest, erronka guztiei irripar batekin ekiten zion pertsona”, horrela definitzen dute bere ondokoek.
Akuilu lana egin zuen auzoan. Parte hartzea bultzatu eta jendartea aktibatzea zuen helburu. Lan horretan aritu zen indarrik gabe geratu zen arte.