Uda agurtzeko egitarau berezia prestatu dute Morlansen
Morlansko auzo elkarteak zenbait ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako. Uda bukaerako festa moduan aurkeztu dituzte jarduera hauek guztiak. Morlans inguruko berdeguneetara joango dira, auzoko argazki zaharren erakusketa bat irekiko dute, jolasak egingo dituzte… Adi! Egun hauetarako plan ederrak egin dituzte-eta. Besteak beste, Arbaizeneara gerturatu nahi dute. Iazko martxoan M-Etxea eta Cristina Enea Ingurumen Etxearekin batera irteera berezia egin zuten berdegune honetara. Baso honi buruzko informazio gutxi zutela konturatu ziren, jende gutxik ezagutzen zuela. Baso hau auzora irekitzeko asmoa dute, eta bertan aurreikusita dagoen urbanizazio planean ere erabakiak hartu nahi dituztela azaldu dute. Basoa urbanizatu bitartean, erabili egin nahi dute, eta horregatik proposatu dituzte bi irteera larunbaterako.
AGUR UDA FESTA!
Osteguna, irailak 15
Iñaki Egaña historialariak auzoaren iragana ekarriko du gogora. Nolakoa zen Morlans? Nola bizi ziren, zein zen euren bizimodua? Zein baserri zeuden? Gas fabrika noizkoa da? Egia al da edateko ura Morlanstik hartzen zela? Hitzaldi bat emango du 19:30ean, eta bertan erantzungo ditu galdera hauek guztiak eta gehiago. Gainera, argazki zaharrak ikusteko aukera izango da, erakusketa bat egingo dute eta. Aieteko Claudio Artesano bizilagunak utzitako irudiak izango dira, besteak beste. Hitzaldia eta erakusketa auzo elkartearen egoitzan egingo dituzte, Leire plazan.
Larunbata, irailak 17
Auzoko berdeguneak ezagutu eta gozatzeko jarduerak egingo dituzte. Goizean (11:00) ibilbide botaniko bat egingo dute Iñaki Aizpururekin eta Bihotz Inguru baso eskola elkartearen laguntzarekin. Arratsaldean (18:00) haurrentzako ginkana egingo dute. Jolasaren bitartez, ingurua ezagutzera animatu nahi dituzte haurrak. Oinetako erosoak eramatea gomendatu dute, beraz ez ahaztu mendiko botak!
Gauean (22:00) Binilo Gaua ospatuko dute. Iaz egin zuten lehen aldiz, eta harrera ona izan zuenez. Berriz egitea erabaki dute. Auzotarrek etxean gordeta dituzten biniloak ekarri eta denok batera entzun eta gozatuko dituzte. Jabi Murugarren bizilaguna izango dute gogoan. Udan hil zen eta bere omenez egingo dute Binilo Gaua. Binilozale amorratua zen, eta disko asko gordetzen zituen etxean.