Argitu dute misterioa
Ziur aurretik sare sozialetan ikusi duzuela Alde edo Alde bildumaren komikiren bat. Orain argitu dute misterioa, eta azaldu dute nork egin dituen. Euskararen inguruan zabaldu diren diskurtsoen talka irudikatu du Hiru Damatxok komikitan, Bagera Elkartea eta Donostia 2016ren Euskarriak egitasmoaren barruan.
Intza del Campo batxilergoa ikasten ari da. Gaztea da, errebeldea. Euskarazko klaseetan aspertzen da gehien. Ez zaio Xabier Lete gustatzen. Jon Andoni Tolaretxipi euskara irakaslea da. Mitozalea da. Denbora librean Xabier Lete entzuten du. Euskara perfektuarekin egiten du amets.
Bi mundu, bi begirada eta bi jokabide. Alde edo alde? Komiki-sorta honetan euskaldunok egunerokoan bizitzen ditugun egoerak landu dituzte umorez eta kritika eginez. Euskararen gaineko diskurtsoen inguruan gogoeta eragitea dute helburu.
Euskarriak proiektuaren parte gisa egindako sorta izan da, euskararen gaineko diskurtsoen inguruan hausnarketa eragiteko egina. Hiru Damatxok sortu eta garatu du ideia hau, eta Bagera euskaltzaleen elkartea eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak bultzatu dute egitasmoa.