Arrandegi eraikinaren zati bat Osakidetzaren esku utzi dute
Telaitu beraren azpian hiru gune sortuko dira, hortaz.
Bakoitzak bere aldetik bada ere, hiru zerbitzu horiek abiadura har dezaten beste pauso bat ematea erabaki du udalak: eraikina hirutan banatzen duen proiektua udalak berak egingo du urte bukaera baino lehen. Horrela, izapideak azkartu eta proiektuak definitzen hasteko aukera emango die hiru aldeei.
Gainera, Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, udalak dagoeneko egin dio Arrandegi eraikinean osasun etxea egiteko gunearen lagapena Osakidetzari. 75 urterako lagapena litzateke, 2.185 metro koadrokoa (225 metro koadro beheko solairuan; 980 metro koadro lehen solairuan; eta beste hainbeste bigarren solairuan).
Eusko Jaurlaritzak hilabeteko epea du orain lagapena onartu eta hitzarmena sinatzeko. Era berean, eraikina moldatzeko egin beharreko lanetan dagokion diru ekarpen egiteko konpromisoa hartuko du Jaurlaritzak.
Bretxako Arrandegi eraikinari erabilera hirukoitza emango diote etorkizunean, eta izapideak aurrera doazen arren, “legealdi osoko proiektua” dela barneratuta dauka udal gobernuak.
Parte Zaharreko osasun etxea, udalaren kirol ekipamenduak, eta eraikinaren erabilera komertziala kudeatzen duen enpresaren jarduerak dira Arraindegi eraikinak bilduko dituen hiru zerbitzuak.