Etxebizitzak egingo dituzte Sarruetan, Martuteneko futbol zelaia dagoen lekuan.
Udalak hirigintza proiektu berri bat jarri du abian Martutenen; Sarrueta inguruan, hain zuzen ere, futbol zelaia dagoen lekuan.
Futbol zelaia Zapirain eremura lekualdatu eta etxebizitzak egingo dituzte bertan. Guztira 604 etxebizitza egitea aurreikusi dute; horietatik 280 babes ofizialekoak izango direlarik.
Baina behin behineko onarpena jaso duen hirigintza plaza areago doa. Etxebizitza berriez gain, inguru guztia egokituko dute. Izan ere, 152.332 metro koadroko eremua dute, eta horietatik 37.000 metro koadro berdegune eta bestelako eremuetarako izango dira.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren azalpenen arabera, Trinkete, Zapirain, Sarrueta eta Atorrasagasti eremuei eragingo die planak. Auto eta bizikletentzako aparkaleku berriak, kirol jardueretarako ekipamenduak, eta kultur erabilera izan dezakeen eraikin berri bat eraikitzea ere aurreikusten du udal gobernuaren proiektu proposamenak.