Neighbor taldea Dokan izango da hilaren 22an
Josh Cheatham eta Maite Larburu dira Neighbor. Neighbor dira – bizilagunak euskaraz-, Amsterdamen ezagutu zutelako elkar. Halere, Larburu Hernanikoa da, eta Cheatham Seattlekoa.
2013an aurkeztu zuten lehen diskoa, Ura patrikan. Orain bigarrena aurkeztu dute: Hau. Donostiako Garoa liburu dendan izan da gaur Maite Larburu, kazetariei lan berria erakusteko. Musika tresna gehiago erabili dituztela azaldu du. Ukeleleak eta gitarrak erabili ditu sormenerako. Gitarra klasiko eta elektrikoak, flauta japoniarra, musika kaxak, klarinete baxua, biolinak, pianolak… Soinu oso muturrekoak nahastu dituzte, eta soinu desberdin horiek arteko elkarbizitza zaila izan bada ere, emaitza exotikoa lortu dutelakoan daude.
Disko honetan ere euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez kantatu du Larburuk. Bere inguruko jendeak inspiratuta idazten duela aitortu du: “beste artista ikusezinak dira horiek”.
Zuzeneko aurkezpen bira hurrengo astean hasiko dute. Ziburun izango dira irailaren 19an, Iruñean irailaren 20an, Bilbon irailaren 21ean eta Donostiako Dokan irailaren 22an (21:00). Abendurako ere badituzte emanaldi batzuk: Basaurin (abenduaren 14an) eta Hernanin (abenduaren 15ean). Bideo klip bat egiten ari direla aurreratu du. Asier Altuna ari da zuzendari lanetan.