Kiroletako oinetakoak jantziko dituzte, bularreko minbizian ikertzeko
Katxalin lasterketa antolatu dute urriaren 16rako, hamabost kilometroko lehiaren baitan.
Katxalin elkarteak bideratuko ditu irabaziak: Bularreko eta Ginekologiako Minbiziagatik Eragindako Gipuzkoako Emakumeen Elkartea.
Izen emateak 12 euroko prezioa du, urriaren 2a arte: 15kmsansebastian.com webgunean eta Robers kirol dendetan, Donostian (larramendi kalea, 10) eta Azpeitian. Atleta guztiet txipa eramango dute, denborak hartzeko, eta lasterketako elastiko arrosa jasoko dute.
Ibilbide bera oinez egiteko aukera egongo da, 5 euroren truke, iaz bezala. Aurrez aipatutako leku beretan egin daiteke izen ematea, edo saltoki hauetan: Eroskiren Garbera, Arcco Amara, Urbil, Zarautz, Urola, Eibar, eta Arrasate dendetan.
15 kilometroko klasikoaren baitan jokatuko dute lasterketa. 9:45ean irtengo dira 5’5 kilometroko ibilbidea egingo duten korrikalariak, ondoren, oinez egin nahi dutenak, eta, azkenik, 15 kilometroko lasterketako korrikalariak.
Iaz, 1.300 lagunek egin zuten 5’5 kilometrokoa korrika, eta 2.000 lagunek oinez. Guztira, hiru lasterketak kontuan izanda, 9.000 partaide batu ziren, eta aurten ere arrakasta bera edo hobea izatea espero dute.
Katxalin lasterketa antolatuko dute urriaren 16rako. Bularreko minbiziaren ikerketarako dirua biltzea du helburu lehiak, eta batez ere emakumeei zuzendua badago ere, partaidetza guztiz zabalik dago gizonentzat. Guztira 5’5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute partaideek; Madril hiribidean hasi, Urumea ertzetik Erdialderantz joan, bira eman, eta Anoeta estadioan bukatu arte.