Tropa frankistak hirian sartu zirela 80 urte bete dira egunotan; 385 herritar fusilatu zituzten. Etziko egunez eman zion bere buruari su Joseba Elosegi gudariak ere Francoren aurrean "Gora Euskadi askatuta" oihukatuz.
Asteartean, irailak 13, frankismoaren biktimei omenaldia egin zieten Goikoa Jauregiaren pareko oroitarrian. (Argazkia: Malen Aldalur)
“
Andreak, maita itzazue gure seme-alabak!“, oihu egiten zuten fusilatzera zeramatzaten kamioietatik. “
Etxerako bidean harrapatu zuten aita, eta akabo. Nik sei urte nituen, bestiak hiru eta txikienak zortzi hilabete“; “
Bizirik dagoen hori hilko dutela jakitea, izugarria da“; “
Ilea moztu didate euskaraz hitz egiteagatik”.
Gerrako testigantzak dira. 80 urte bete dira aste honetan tropa frankistak Nafarroa aldetik hirira sartu zirela. Hainbat donostiarrek erbestera ihes egitea lortu zuten milizien babespean, baina beste asko hirian geratu ziren, eta haiekin ase zuten mendeku gosea frankistek.
385 herritar fusilatu zituzten, eta 561 espetxeratu.
Iraindu, mehatxatu, bortxatu, torturatu, fusilatu zituzten herritar haien senideen sukaldeetan, ganbaretan isilean gorderik egon dira gertakari haiek urte luzez. Baina ahazteko sakonegia nonbait utzitako zauria.
Egia, justizia eta erreparazioa eskatzen dituen jendartearen deiadarrak esnatu ditu orain arte albo batera begira egon diren erakundeak. Hala, frankismoaren biktima izan ziren haiek guztiak gogoan izan dituzte egunotan, oroimenak bizirik jarraitzen duelako.
Oroimena bizirik, horixe Aieteko kultur etxean ikusgai jarri duten erakusketaren izena ere.
Gerrak estrategia militarrak baina gehiago direla erakutsi nahi dute, eta horretarako lekukotza zuzenak jaso dituzte: izen-abizen, bizipen, zauri eta desegindako ilusioak.
Tartaloren antzera, eraztun bat jartzen zitzaien ikasleei euskaraz hitz egiten bazuten. Eta eraztuna zuenak zigorra jasotzen zuen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Franco bera ere zuhur begira dago gelaren iskina batetik. Ez du damurik erakusten, harro dago begira. Etziko egunez, 1970eko irailaren 18an ere, begira egon beste irtenbiderik ez zuen izan. Atano III. pilotalekua, orduan Anoeta pilotalekua zena, lepo beterik zen Munduko pilota txapelketa baitzen jokoan.
Joseba Elosegik bere buruari su eman eta kantxara egin zuen salto, “Gora Euskadi askatuta” oihu eginez. Eusko Gudarostean Iparraldeko frontean borrokatu zuen Elosegik, eta handik ikusi zuen Gernikako bonbardaketa.
“Gernikako sua eraman nahi dut, haren su-emailearen begietara”, esan zuen frontoian. Kultur etxeko koadroan bezalaxe, ez zuen bekainik altxako, ordea, su-emaileak.
Gipuzkoa plazako urmaeleko lau beltxargatatik bi Aieteko putzura eramaten zituzten Franco hirira zetorrenean, hantxe, Aieten baitzuen bizitokia. Ahal zuenarentzat behintzat alde egiteko seinalea izan ohi zen hura.
Gaur beltxarga bakarra dago Aieteko urmaelean. Su emailerik ez, baina erredurek utzitako orbainaren seinale da agian. Hildakoak ez baitira izen abizen soilak. Guraso apurtu, anai-arreba hanka motz eta maite erdibituak uzten dituzten orbainak baizik.