Jon Imanol Etxabe, Irati Fernandez eta Ane Urrutikoetxea, Donostiako Orfeoiaren egoitzaren atarian. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Nahiz eta pantaila handian ez agertu, Juan Antonio Bayonaren ‘A Monster Calls’ filmaren protagonistetako bat da Donostiako Orfeoia. Abesbatzako kideek euren ahots ederrak egokitu dituzte zuzendariaren istorio ilunera.
Superprodukzio baten parte izan da Donostiako Orfeoia. Juan Antonio Bayonaren
A Monster Calls filmaren musikan parte hartu baitu. Zuzendari katalanaren azken lana Zinemaldian aurkeztuko dute, hilaren 21ean.
Orfeoiko kideek ez dute alfonbra gorria zapalduko, eta ez dira pantaila handian agertuko Sigourney Weaver Donostia Sariarekin, baina filmean parte hartzea esperientzia ederra izan dela adierazi dute.
Ane Urrutikoetxea (1989, Antigua),
Irati Fernandez (Txomin Enea, 1989) eta
Jon Imanol Etxabe (Usurbil, 1994) izan dira Bayonaren istorio ilun eta misteriotsua girotzeko ahotsa jarri duten kideetako batzuk.
Lan «oso desberdina» egin dute, ez baitute melodia bat interpretatu: «Orfeoian dena polita egitera gaude ohituta, eta filmean istorioko munstroen pare gaude», azaldu du Etxabek. «
Piztiak izan behar duzue! Politegia da egiten duzuena!, esaten zigun konpositoreak», jarraitu du Fernandezek.
Zirrara eta beldurra
Filmean munstroa agertzen den unean eta beste eszena ilun eta misteriotsuetan parte hartu dute: «Gure ahotsek zirrara eta beldurra eragin behar zuten. Munstroak une batean begia irekitzen du, eta guk tentsioa sortu behar genuen», esan du Fernandezek.
Ahotsak grabatu zituztenean soilik eszena txiki batzuk ikusteko aukera izan zutela azaldu dute: «Zuzendariak filmean gertatzen zena kontatzen zigun, irudia erakutsi gabe. Behin Bayonari baimena eskatu zion pixka bat gehiago erakusteko, guk lan hobea egiteko», gogoratu du Etxabek.
Pribilegiatuak sentitu dira, ez baita ohikoa film bateko ahotsak abesbatza batekin grabatzea: «Egungo teknologiarekin erraza da ahots horiek sintetizadore batekin egitea. Bayonarena bezalako superprodukzio batean bakarrik uler daiteke hau egitea, ia inork ez baitio erreparatuko lan honi guztiari. Baina hor dago, eta oso garrantzitsua da», kontatu du Urrutikoetxeak.
Nola iritsi zen aukera hau? Filmaren konpositoreak Orfeoiak eta Euskadiko Orkestrak iaz Zinemaldian Belodromoan eman zuten kontzertua ikusi zuelako: «Hainbat filmen musika interpretatu genuen zuzenean, pantailan irudiak ikusten ziren bitartean. Eta urtarrilean Bayona eta konpositorea etorri ziren Donostiara gurekin grabatzera».
Argi dute luxua izan dela horrelako superprodukzio batean parte hartzea: «Bayona oso gertukoa izan zen gurekin, oso jatorra. Bere filmaren parte sentitu ginen nolabait, berak gurekin lan egin nahi zuelako», azaldu du Urrutikoetxeak. Orain, zinema aretoan sartu eta azken emaitza ikusi eta entzuteko gogotsu daude Orfeoiko kide guztiak.