Anoeta paretik Loiola aldera jarraituko du bidegorriak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Amara eta Loiola lotuko dituen beste bidegorri zati bat egokitzea erabaki du udalak. Euskotrenen trenbidearen parean joanez, Anoeta Estadioa eta Memoriaren Lorategia lotuko ditu bizikletentzako bide berriak.
Gaur egun, Amaratik datorren bidegorria jarraipenik gabe geratzen da puntu horretan, Loiolako norabidean errepideak ez baitu espaloia, bidegorria eta autoentzako bi errei hartzeko nahikoa zabalerarik.
Bidegorri berriak bi zati izango ditu. Lehen zatian, Anoeta eta Zorroaga pasealekuaren hasieran, berdegunean egingo dute ibilbidea. Eta bukaerako zatian, berriz, errepidetik joango da bidegorria. Horregatik, ibilgailuentzako errei bat kenduko dute, eskubikoa.
Sestra Ingenieria y Arquitectura enpresa arduratuko da proiektua idazteaz. 124.237,84 euroko aurrekontua izango du, eta sei hilabetean amaitu beharko dute.