Gazte Asteburua antolatu dute Uliako Parkean "beste Donostia bat" eraikitzeko asmoz
Beste Donostia bat eraikitzeko asmoz Gazte Asteburua antolatu dute Uliako parkean. Irailaren 23an eta 24an hainbat ekintza egingo dituzte “parkeari babesa adierazi, kezkak konpartitu eta proiektu berriak martxan jartzeko”.
Eraikuntza Lanetan Ari Gara ekimeneko kideak eta Uliako gazteek elkarlanean antolatu dute asteburua.
“Turismoa eta espekulazioaren neurrira moldatutako hirian, gazteok ez dugu lekurik. Hori da gero eta nabarmenago Donostian gertatzen ari dena” azaldu dute. Dena den, aldarrikatu dute badela beste Donostia bat “auzoetatik, herri mugimenduetatik eta milaka donostiarren borondatezko lanarekin eraikitzen dena”.
Hiria gazteena ere izatea nahi dutela azaldu dute eta inoren zain egon gabe euren kabuz antolatzeko deia egin dute. Hori dela eta, Gazte Asteburua egingo dute Uliako Parkean: “Gure kezkak konpartitu eta horiei erantzunez martxan jar ditzakegun proiektuez hitz egiteko”.
Bi orduko tartean sei gai landu nahi dituzte: feminismoa, euskara, enplegua, turismoa, etxebizitza eta elikadura burujabetza.
Bestalde, Uliako parkeari babesa adierazteko kanpin dendak eramateko deia egin dute: “Auzotarrak egokitu eta txukundu ostean, udalak suntsitu egin nahi du 70 etxebizitza eraikitzeko. Non eta milatik gora etxe huts dituen hirian”.
Asteburua antolatzen aritu diren bi laguni egindako elkarrizketa argitaratuko du ostiralean IRUTXULOKO HITZAk.