Belodromoa bete du 'Kalebegiak' film kolektiboak
Ikus-entzunezko proiektua osatzen duen hamabi istorioek Donostia izan dute ardatz.
Estreinaldia 20:00etan bazen ere, ordubete lehenago ilara sortu da Belodromoan. Izan ere, Kalebegiak film luzea ikusteko jendetza bildu da, baita areto erraldoia bete ere. Ikus-entzunezko proiektua Donostiako profesionalek egindako 12 istorio biltzen ditu. Hala, ondorengo zuzendariek hartu dute parte film kolektiboan: Koldo Almandoz, Asier Altuna eta Telmo Esnal, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Borja Cobeaga, Maria Elorza eta Maider Fernandez, Isabel Herguera eta Izibene Oñederra, Ekain Irigoien, Julio Medem, Gracia Querejeta, eta Imanol Uribe. Era berean, hainbat aktoreek lan egin dute istorio bakoitzean; tartean, Barbara Goenaga, Marta Etura, Ramon Agirre, Paco Sagarzazu, Miren Ibarguren, Kandido Uranga, Nagore Aranburu, Rance Howard, Miguel Melo, Egoitz Lasa, Xabier Perurena, Alfonso Torregrosa eta Dorleta Urretabizkaia.
Hortaz, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren funtsa izan diren gaiak oinarri hartuta, 12 istorio sortu dituzte Kalebegiak proiekturako. Istorio bakoitzak, gehienez, hamar minutu irauten ditu, eta kultura, aniztasuna eta bizikidetza dira gai nagusiak. Film luzea Moriarti Produkzioak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak ekoiztu dute elkarlanean. ETBk, RTVEk eta Euskaltelek ere parte hartu dute. Urriaren 14an izango da zinema aretoetan.