Firin-faran, boto paperak doaz hegan
Papertxo batek balantza eskubira edo ezkerraldera aldatzeko adina pisu ez duelakoan, asko dira bozka lekuetara hurbiltzen ez direnak. Eta tantatxo gabe itsasorik ez litzatekeela sortuko sinetsita jarduten dute beste hainbestek egunero-egunero.
Gaur da herritarrek hauteskundeen erauntsia jasan beharko duten azken eguna; udazkeneko lehen hego haizeak boto paperak astinduko dituen azken eguna. Izan ere, gogoeta eguna da biharkoa; barealdia. Kanpainaren azken broma. Eta etzikoa, datozen lau urteak ilusioz, nekez, etsipenez, hasperenka edo tantatxoen etengabeko jarioz lanean jarraitu edo ez baldintzatuko duen eguna.
Gaur betebehar, konpromiso edo utzikeria adierazten duen hori eskubide zela aldarrikatu zuten atzo. Gaur baino ilusio gehiagorekin sartuko zuten papertxoa boto kutsan goiko argazkiko emakumeek. 1933an Eibarren ateratakoa da; Euskal Estatutuaren erreferendumean lehen aldiz bozka eman zutenekoa. 1931ko II. Errepublikaren Konstituzioak onartu zuen emakumeen bozka eskubidea, eta euskal emakumeak izan ziren Espainiako Estatuan beraien bozka eskubidea erabili zuten lehenak. Hori bai, 23 urtetik gorakoa behar zuen botoa emateko emakumea; ezkongabe burujabea edo alarguna gainera. Gainerakoek bazituzten aita edo senarra euren ordez erabakitzeko.
Bigarren argazkian Clara Campoamor, Alderdi Erradikaleko diputatua eta emakumeentzako boto eskubidearen sustatzaile nagusi izan zena ageri da 1931n Donostian eskainitako hitzaldi batean. Bere aldarrikapenen indarra suma daiteke irudian. Zuri beltzean egon arren, ezpainak gorri dituela atzeman daiteke. Oholtzara burua tente eta ezpainak margotuta igotzea jarrera kontua baita estetikoa baino gehiago. Jarrera kontua baita erabakitzea edo besteenari men egitea.
Horma artetik ateratako zurrunbiloa gelditzen saiatuta, Iriarte, Zabala eta Mendia, hiru ezpain gorri, eta bi gorbatadun, Urkullu eta Alonso ibili dira borroka zelaian. Mingainarekin lehiatu dira egunotan; eta begiradekin; eta 27 segunduko isiluneekin. Txen metodoarekin lotsagorritu dute jendartea batzuk, hizkuntza bihurtuz aizto, edo ezkutu gaizto.
Udazkeneko hostoen noraeza bezala firin-faran dabiltza boto paperak azken orduotan. Norberak erabaki beharko du orain haizeak eramaten utzi edo balantzari pisu pixka bat eman.