Elkartasunari Koxk! egiteko eguna izango da bihar Intxaurrondon
Zure pintxo bat = errefuxiatu baten otordu bat leloa erabiliko dute oraingoan Koxk! elkartasun jaialdian. Gastronomia eta elkartasuna batzen dituen festa da Koxk!. Zaporeak proiektua laguntzea du helburu; oraingoan Greziako Chios uharteko sukaldeak diruz lagunduko dituzte.
Martxoan jarri zuten abian Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteko kideek Zaporeak proiektuaren sukaldea Greziako errefuxiatu guneetan. Ordutik, 1.500 errefuxiaturi otordu bat ematen diote egunero. Hilero 80.000 euroko aurrekontua dute; guztia euskal jendartearen borondate eta ekarpenen bidez bildutakoa.
Lan horretan, euren aletxoa jartzen saiatuko dira Intxaurrondon bihar. 90 bat boluntario ariko dira lanean Koxk! jaialdian. 10:30ean hasiko dira jarduerak. Ordezkari politikoek emango diote hasiera elkartasun jaiari, eta ondoren gastronomiak hartuko du lekukoa.
Batetik, Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak sari nagusia emango dute. Sukaldari eta kazetari ezagunek egingo dute epaile lana, gainera.
Ordu berean hasiko dira elkartasun pintxoak eskaintzen Pintxoaren Kilometroan parte hartuko duten tabernetan ere. 50 taberna eta jatetxetik gora elkartu dira ibilbidean, eta saltzen dituzten elkartasun pintxoen dirua Greziara bideratuko dute.
Zaku berera botako dute Bernart Etxepare plazako ekarpen guztia ere. Sukaldeak kalera atera eta izen handiko bost sukaldari ariko dira lanean euren errezetak eta jakiak eskainiz.
Gasteizko PerretxiCo jatetxeko Josean Merinok piztuko du sua 10:45ean; jarraian, 11:20ean, Baserriberri jatetxeko Iñaki Andradas iruindarraren txanda izango da; 11:55ean jantziko du mantala Ondarroako Cantabrico jatetxeko Pantxo Bedialaunetak; 12:30eaan Valladolideko Don Bacalao jatetxeko Alfonso Garciak bere kutixiarik preziatuena aurkeztuko du. Eta azkenik, Elena Arzakek emango dio ikutu gozoa jaiari.
Jaki bereziak dastatuz, errefuxiatu guneetan baldintza zailetan bizi diren milaka laguni otordu bat bermatzeko aukera izango da, hortaz, biharkoa.