Zubiaren bueltako arazoak
Itxuraldatzen ari da Martutene pixkanaka; pasealeku nagusiko errepidea ireki berri dute, eta aldaketaren pozik dauden arren, hainbat kexa dituzte bizilagunek.

Joan den astean zabaldu zuten Martuteneko zubia; Loiolatik iritsi ezkero, auzora sartzeko dagoen lehen zubia. Uztailean hasi zituzten lanak, Urumearen uholdeak ekiditeko planaren barruan, eta obrak guztiak abendurako bukatzea espero dute, lehen fasea bukatutzat emateko. Oso pozik daude Martutenekoak euren auzoan egiten ari diren aldaketekin, baina kontu txiki asko ez direla kontuan hartzen ari diote.
Sarroeta auzo elkarteko presidentea da Isabel Arrieta, eta berarekin izan da IRUTXULOKO HITZA: «Zubia zoragarria da, oso polita geratu da, eta auzoari bizigarria eman dio. Pena da, udaleko Hirigintza sailak ez duela interesik jarri xehetasunak behar bazala ixteko». Obrak kudeatzen ari den URA agentziarekin oso pozik daude, baina uztailetik ez dutela udalaren berririk diote. Hori dela eta, eskutitz bat idatzi dute, lanei behar bezalako amaiera emateko eskatuz.
Bizilagunek diote Okendotegi biderako sarreran arazoak ikusten dituztela, ezin baitira bi auto gurutzatu. Errepidea zabaldu, semaforo bat jarri, eta Ali Oli jatetxearen ondoan auto bat geratzeko moduko lekua uztea proposatzen dute. «Bukatu gabe dago, eta oraindik aukera dute aldaketak egiteko. Barkaiztegi sagardotegira doazen kamioiekin gurutzatu ezkero, gainerako autoek ez dute lekurik izango. Duela gutxi hil zen Barkaiztegiko Joxemarik maiz esan zien lanak egiten ari zirenei gune horrek zabala behar zuela».
Zubiaren bestaldean, Martutene pasealekuan aurrera joanda, Trinkete tabernaren ingurua, bertakoentzako gune gisa markatzea nahi dute. Orain, ibilgailuek zubia igaro eta auzo barrura doazen heinean, kurba itxi bat igaro behar dute, ikastola parera iritsi aurretik, eta ez dute aldaketa horren arrazoia ulertzen: «Autoak zubitik azkar datoz, eta bat-batean espero ez duten bihurgune bat topatzen dute». Irailaren 1ean egin zituzten beharrezko probak, espaloi guztiak eginak zeudenean, eta orduan konturatu ziren kurba itxiegia zela, Arrietaren hitzetan.
Dirudienez, URA agentziak orain ezin du auto zirkulazioa geratu, eta konponketa batzuk egingo dituzte ahal duten moduan. Hala ere, hori ez dela nahikoa izango diote. «Ez dugu ulertzen zergatik ez dituzten Villa Oyon eta Alkubi bota. Oyon hutsik dago, eta hartzekodunen lehiaketan dago epaitegian. Galdiano eraikuntza enpresak porrot egin zuen, eta epaitegiak zorrak berreskuratzeko, bere jabetzak eskuratu zituen. Udalak zegokiona ordaindu izan balu eraikin horrengatik, ez luke kurba hori egin beharko, etxea botata lekua soberan egongo baitzen». Gainera, autobusek arazoak dituzte bide horretatik joateko, eta ondoko erreia okupatu beharra dute.
Zubiaren ondoko etxe batean, Sarroetako bidearen ondoan geratzen dena, Manuel Enean, ez dute espaloirik utzi. Gainera, zebrabide bat marraztu dute, zubitik etxearen horma baten pareraino. «Zubiak autoen bi zentzuetako erraiak, oinezkoen bidea eta bidegorria ditu; ez bidegorria ez oinezkoen bidea ez doaz inora alde batean. Txorakeriak dira, baina pentsatzen duzu, nork eman du hau egiteko agindua?».
Azken batean, badakite azken ukituek kostua igoko dutela, baina arazo hidraulikoa konponduta, bizilagunen egunerokotasunean zuzenean eragiten duten kontu horiei erreparatzea eskatzen dute.
Kexa guztiak biltzen dituen eskutitza hainbat arduradunei luzatu diete, bai URAko ordezkariei bai Donostiako Udalari ere: «Ez dugu erantzunik jaso, baina argi utzi nahi dut URAkoekin ez dugula inolako arazorik. Konpromisoa zuen URAk zubiak eta ibaiaren zabalkundea egiteko, eta betetzen ari da. Gainera, edozein konturekin deitzen didate auzoan bideren bat itxi behar badute, abisua pasatzeko. Udalaren aldetik, berriz, uztailetik ez dakigu ezer ere». Hala, udalarekin elkarrizketa eraginkorragorik ez izatea faltan botatzen dute: «URAkoak abenduan joango dira, eta ez dugu haietaz ezer gehiago jakingo. Orain, garaiz gaude aldaketak egiteko, eta udalaren erantzunen bat behar dugu».
Urtegi funtzioa duen eraikin berri bat ere sortu duten obren kontura: «Auzo guztiko tuberiak bideratu dituzte horra, euri jasa handien garaian, dena hara bideratzeko, ibaian gora».
Etxebizitzak eta dragatzea
Obren bigarren fasea oraingoz ez dute egingo, Arrietaren hitzetan. Hala ere, joan den astean albistea eman zuen udalak, 604 etxebizitza egiteko asmoa dutela, Martuteneko egungo futbol zelaiaren lekuan: «Hori 2012an EH Bilduk agintzen zuenean aurkeztutako proiektu bera da. Orduan, ordea, Txomin Eneako proiektua abian jarri gabe zegoen, eta orain ez du zentzurik. Badakigu Enrique Ramos zinegotziak proiektua aurkeztu zuela guk pentsatzeko errepideko kurba berria desagertu egingo dela, baina hori ez da batere errealista. Egitekotan, 2019an hasiko lirateke, eta futbol zelaia auzoaren Astigarragako aldera emango lukete».
Urumea dragatzearen gaia ere berriro kaleratu dute udal agintariek. «EH Bilduk agintzen zuenean, bizilagun batzuek URAri proposatu zioten ibaia dragatzeko, baina hori ez zen irtenbidea. Ibaiaren lekua zabaltzea zen aukera onena, egin dutena. Argi dago jende askoren etxeak bota behar izan dituztela, baina denentzako onena zen. Juan Karlos Izagirre alkatea eta URAko Iñigo Ansola oso gogoan izaten ditugu beti, argi dugu beraiek lan handia egin dutela auzoa aldatzeko».