Erabakia "tristea" dela dio Eneko Goia alkateak, eta beste era batera egiten saiatuko direla.
Illunbe zezen plaza, barrutik. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Azken orduko albiste baten berri eman du Eneko Goia alkateak: Illunbeko kudeaketaren inguruko herri galdeketa debekatu egin du Donostiako epaitegiak. Hau da, otsailaren 19rako kontsulta baterako deia egina zegoen, donostiarrek erabaki zezaten Illunben zezenketak egin zitezkeen edo ez, eta momentuz, ez da egingo, bertan behera uztea erabaki baitute. Kontua da, Espainiako Estatuaren abokatuak helegitea aurkeztu zuela, galdeketa egitearen aurka, eta epaitegiak onartu egin du. “Albiste tristea da. Orain erabakiko dugu Bozeramaileen Batzordean zein alternatiba landu dezakegun. Helburua da udalean erabakitako araudia gauzatzea, herritarren eskaerari erantzuna emateko, era egokian”, azaldu du Goiak.
Alkatearen arabera, alternatibarako bidea jada buruan dute. Herritarrek hasitako bidea udalarena egin beharko lukete, kontsulta egiteko, eta ondoren, ministroen kontseiluari baimena eskatu. Aldaketaren harira, 16 urtetik 18 urtetik gorakoetara igoko litzateke parte hartzeko eskubidea duten herritarren zatia. Gainontzean, data bera ere mantendu nahiko luketela aipatu du Goiak.