Imanol Urbieta – atzealdean- Xirula Mirulako ikasleekin, Amara Berriko kaleetan txistua jotzen.
IRUTXULOKO HITZAk 2009ko otsailean egindako erreportajea berreskuratu du Imanol Urbietaren heriotzaren harira.
«Imanolen ibilbidean musika eta haurrak letra larriz idatzi beharrekoak badira, baita euskara ere», dio Andoni Egaña bertsolariak Imanol Urbietaren omenez idatzitako liburuan. Jorge Oteizak ere izan zuen hitzik berarentzat: «Imanol, haur eraikitzaile amorratua».
Aitzindaria haurren musika hezkuntzan
Haurren euskarazko musika irakaskuntzan aitzindaria izan da. Makina bat kantu egin ditu, 2.000tik gora.
Txalopin txalo,
Xixupika eta
Kriskitin kraskitin bere diskografia luzeko titulu batzuk besterik ez dira.
Haur kantariak ere egin zuen, haurrentzako euskaraz egin den lehen diskoa 1967an. Musika ikasteko eta irakasteko hainbat ikasbide sortu ditu eta pedagogia arloan ere hainbat liburu argitaratu ditu. Psikomotrizitatea musikaren laguntzaz lantzeko ikerketak eta saioak egin ditu.
1989an Afrikara joan zen, Zairera, eta bertako haurrekin ere diskoa grabatu zuen. Euskal kulturari lotuta
Filosofia eta musika ikasketak eginak ditu, baina beti herri mugimenduekin, euskararekin eta euskal kulturarekin izan du lotura. Zarautzeko ikastolan maisu izan zen. Ez zen musika irakaslea, baina musika erabili zuen ikasleek mota guztietako ikasgaiak errazago ikasi ahal izateko.
Xirula Mirularen sortzailea
Zarauzko Musika Eskola utzi zuenean Donostia eta Hernani aldera jo zuen. Lau urtez Elizbarrutiko Maisutza Eskolan eman zituen eskolak Donostian. Irakaslekide ezagunak izan zituen: Enkarni Genua, Anjel Lertxundi, Pako Garmendia… Katalina Erauso kalean Xirula Mirula musika eskola sortu zuen aldi berean, 80ko hamarkadan.
Hasieran grabaketa estudio bat besterik ez zen, baina pixkanaka eskolak ematen hasi zen bertan. Urbietaren sormenaren ekoizpenerako teknologia bitartekoetan trebatzen hasi zen bertako lantaldea. Irratsaioak, bideoak, jolasak… Egun Joxean Urbietak, Imanolen seme zaharrenak, du Xirula Mirularen ardura. Bere semea, Manu, Realeko jokalaria izan zenean ere zinta bat grabatu zuen Reala gaitzat hartuta:
Kanta kanta kantari gora Euskadi, gora Real abestia hedatu zuen orduan, 80ko hamarkadan.
Egaña ikaslearen miresmena
Andoni Egaña Joxean Urbieta semearen ikaskide izan zen Zarautzeko Ikastolan eta
Imanol, luzea da bidea idatzi zuen musikagilearen bizitzaren pasarteak errepasatu eta bere miresmena azaltzeko. Kursaalen 2002ko abenduan ere egin zioten omenaldi beroa eta hainbat sari jaso ditu, Anton
Abbadia Saria, besteak beste.