Imanol Urbieta: "Negarrez irten nintzen txistua jotzen, ez nuen atera nahi"
Imanol Urbieta elkarrizketatu zuen Irutxuloko Hitzak 2009. urteko otsailean, Donostiako Orfeoiak musikaren sorkuntzaren alde egin zuen lanagatik saritu zutenean.
IMANOL URBIETA. Musikagilea eta irakaslea
Imanol Urbieta (Zarautz, 1934) musikazale nekaezina da. Euskaraz jardun izan du beti eta ehunka abesti sortu ditu haurrentzako. Egun Zarautzeko Udaberri jubilatuen abesbatza zuzentzen du eta abestiak sortzen jarraitzen du.
Zer da zuretzat Orfeoiak gaur emango dizun saria?
Eskerrak eman behar ditut. Oso txalotua izan da beti niretzat Orfeoia, munduko onena. Egunero merezi ditu txaloak. Estimatua eta maitatua izan dut betidanik, oso gaztetatik.
Amara Berriko Xirula Mirula eskola sortu zenuen orain 25 urte. Zein oroitzapen gordetzen dituzu?
Gaixotu egin nintzen eta lan hark izugarri lagundu zidan. Eskuekin ibiltzea, kantatzea… Maisua izatea, gazte eta haurrekin gauzak konpartitzea… Orain erretiratuei zuzentzen diet eta ilusioa egiten dit, beraientzat atsegina delako eta niretzako ere bai. Niretzat musika irakastea oso erraza izan da. Joxeanek – bere semea, Joxean Urbieta–, gainera, aurrera jarraitu du eskolarekin eta poz handia eman dit.
Eta gogoan al duzu ‘Alaken’ abestiaren estreinaldia Donostian?
Alaken! Alapikulatunbaire! –kantuan hasi da–. Kanta hori aspaldi egin nuen bai eta asko gustatzen zitzaion jendeari.
Zein izan da haurrei musika irakasteko sekretua?
Sekreturik badago, nik behintzat ez dut ezagutzen. Ulertzen didazu, ezta? Orain zurekin gustura ari naiz hizketan eta umeekin ere hala egon naiz, oso gustura. Jendearekin harremanetan landu dut beti musika. Musika, beraz, barru-barrutik sentitzen duzun zerbait da. Bai, musika oso naturala da niretzat. Txikitatik hasi nintzen musikan. Zortzi urterekin bandan klarinetea jotzen nuen eta pianoa ere ikasten hasi nintzen. Zarautzen negarrez irten nintzen txistua herrian barrena jotzen, ez nuen atera nahi. Ez nintzen batere irekia, baina asko gustatzen zitzaidan etxeko giroa eta pianoa. Horrela hasi nintzen musikan.
Euskara zergatik izan da hain garrantzitsua?
Txikitan besterik ez genuelako. Erdaraz ere asko irakurtzen nuen. Euskara etxean eta lagunekin ikasi nuen, lagunarteko hizkuntza izan dut. Politikoki ere konprometitu egin nintzen.
Jubilatuta zaude, baina, halere, lanean jarraitzen duzu.
Bai, Zarautzeko jubilatuen abesbatzean nago. Beraiekin lan egiteko eskatu zidaten eta baietz esan nien.