Iñaki Lopez de Luzuriagak itzultzailea
‘Euskaldunak eta Karolingiar iraultza’ izeneko liburua idatzi du Iñaki Lopez de Luzuriagak (Egia, 1973); eta euskal eta europar identitatearen sorrera ikertu du bertan.
Bost urtez egon da kanpoan bizitzen euskara irakasle bezala: Londresen eta Kaliforniako Stanford Unibertsitatean. Interneten, Wikipediako eztabaida baten harira, goi Erdi Aroari buruzko dokumentu batzuk aurkitu zituen urte horietan, “interesgarriak” iruditu zitzaizkionak. “Hutsune bat” sumatzen zuen hor, gai hori jorratzea “interesgarria” izango litzatekeela iruditu zitzaion, beraz, webgune bat sortu zuen orain dela hiru urte.
Ekainean argitaratu zuen liburua Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzaz.
Liburua euskaraz idatzita dago, baina idazlana osatzen hasteko ingelesezko bibliografia eta iturriak hartu zituen oinarri; denetarik dago.
Elkarreko liburu dendetan edo Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean lor daiteke. Aitortu du liburuak zeharka gaurkotasun handia duela, baina aurrez gaiaren inguruan ezagutza gutxi duenari kosta egingo zaiola liburua jarraitzea.
Datozen egunetan Donostian eta Lasarte-Orian aurkeztuko du liburua: urriaren 10ean, astelehena, 19:00etan, Koldo Mitxelena liburutegian; eta urriaren 13an, osteguna, 19:30etan, Lasarteko kultur etxean.
Iñaki Lopez de Luzuriagari liburuaren inguruan egindako elkarrizketa argitaratuko du ostiralean IRUTXULOKO HITZAk.