Zabor poltsak, Parte Zaharrean. (Argazkia: Malen Aldalur)
Denbora luzez aritu dira udal ordezkariak datorren urteko zergak zenbatekoak izango diren erabakitzen, iraileko udalbatzarrean.
Jaime Dominguez-Macaya Ogasuneko eta Finantzetako zinegotziak izan du protagonismo nagusia, gobernuak zergen inguruan hartutako erabakien berri eman behar izan baitu. Proposatutako zerga igoerek arrazoi bat dutela argudiatu du, udalak zergen bidez diru-sarrerak izan behar baititu, beste zerbitzu batzuetarako. Zehazki, zaborren gaineko zerga %8’5 igoko dute, eta saneamenduarekiko zerga %3. Ondasun higiezinen gaineko zerga ere igoko dute.
Erabakiaren aurka agertu da
Irabazi Donostiako Amaia Martin: “Donostiarren egoera ekonomikoa ez da ona eta laster urtarrileko malda delakoa iritsiko da. Gobernuak dio igoera soilik %1’6koa dela, baina hori batezbestekoa da. Errealitatea da, hondakinak %8 eta sanemenduaren %3 batuta, %11ko igoera izango dela, eta iaz %10 igo ziren. Beraz, bi ekitalditan, %21eko igoera izango dute zerga horiek”. Bere aldetik, Irabaziren proposamena izan da Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga igotzea etxebizitza hutsetan, %25 beharrean, %100 izatea.
PPko Miren Albistur ere haserre agertu da, ez baitu bat egin zergen inguruko erabakiekin. “Beste batzuoi munduko bakearen inguruan lan egiteko eskatzen zaigu, eta ziur diot ez dudala eskumenik horretan. Baina ziur zuei errazagoa egingo zaizuela Markel Olanorekin hitz egitea, Aldundiak beste zerga batzuk igo ditzan”. Albisturren ustez, udala ez da ari nahikoa saritzen hondakinak bereizten dituena: “Edukiontzi marroia erabiltzeagatik hamar eurotxo jaso beharko lituzteketen herritarrak ez dituzte sarituko, eurotxo batekin geratuko direlako egingo den %8 zerga igoerarekin”.
PSE-EEko Ernesto Gascok aipatu du gobernuaren erabakiak guztiz zentzuzkoak direla. Berez ustez azkenaldian lorategiak eta kaleak sekula baino zainduagoak daudelako; eta zaborren kontuarekin oso minduta dagoela esan du, EH Bilduk aurreko legegintzaldian utzitako karga jasaten ari baitira.
EH Bilduko Josu Ruizek esan du ongi deritzola zergak igotzeari, zerbitzu publikoak hobetu behar baitira, baina beste zerga batzuk igo eta beste batzuk jaitsiko lituzkeela argudiatu du. “Ez da lojikoa isun bat jaso duenak gehiago ez ordaintzea, zigortua izaten ari baita autoa gaizki uzteagatik, adibidez”. Ondasun Hiriezinen Gaineko Zerga ere igo beharko litzatekeela esan du, baina gehien duenak ordaindu beharko lukeela esan du: “Udalaren diru bilketa hazi daiteke, etxebizitza hutsen gaineko zerga eta beste batzuk igoko balira, horrela ez lirateke saneamenduaren eta zaborraren zergak igo beharko”.