Baserri txikien iraultza egin nahi dute
Elikadura burujabetza aldarrikatuko du Baserria XXI Elkarteak. Gaur aurkeztu dute Gipuzkoako baserritarren elkartearen egitasmoa Donostian. Kontsumitzen denaren gaineko ezjakintasuna dela nagusi nabarmendu dute: “Jaten dugunaren %95 multinazionalen bidez ekarritakoa da. Auskalo non ekoitzia, auskalo nola ekoitzia, ze lan baldintzatan”. Hori gutxi ez, eta bertan ekoitzitakoaren zati handi bat ere erabateko menpekotasunean ekoitzia dela salatu dute. “Bertako esnea edaten dugu, baina Brasilgo soja jaten duen behiarena. Bertako tomatea jaten dugu, baina auskalo nongo elikagaiekin modu hidroponikoan ekoitzia… Eta horrela beste hainbat adibide, baserritarrak lehenik, eta Euskal Herria ondoren, erabateko menpekotasunean mantentzen gaituztenak”.
Batzeko deia baserritarrei
Egoera horri buelta ematen ahalegintzeko asmoz sortu dute Baserria XXI. “Gipuzkoa, Euskal Herri eta mundu hobe bat eraikitzeko lanean antolatzeko, elikadura burujabetza eta nekazaritza iraunkorra gizarte justu eta aske baten ezinbesteko oinarria direlako”. Oraingoz, 30 bat baserritarrek osatzen dute elkartea, baina lurraldeko baserritarrei dei egin diete elkartea ezagut dezaten eta harekin bat egin dezaten. “Gure lurra eta bizitzak suntsitzen dituen kapitalismoaz bestelako bizi eta jendarte eredu bat eraiki nahi dugun baserritarrak gara. Eta gure lan jardunetik ekarpenak eginez, gainontzeko herritar eta eragilekin batera egin nahi dugu hori”.