Entsegu orokorraren zati bat ikusteko aukera ere egongo da, eta haurrei zuzendutako opera saio bat eskainiko dute.
‘Don Pasquale’ emanaldiko Ainhoa Garmendia sopranoa eta Jorge Franco tenorea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako lehen opera denboraldia jarriko du abian aste honetan
Opus Lirica elkarteak. Izan ere, 2014. urtetik darama lanean zenbait emanaldi egiten, baina aurtengo hiruak izango dira denboraldi baten barruan eskainiko dituztenak:
Don Pasquale (urria), Carmen (2017ko otsailean) eta La Cenerentola (2017ko maiatzean).
Don Pasquale ostegunean estreinatuko dute, 20:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian, eta bigarren emanaldi bat egingo dute larunbatean, urriak 9, 19:00etan.
Halere, asteazkenean,
Ramon Gener This is Opera telebista saioko aurkezleak hitzaldi bat eskainiko du, eta, ondoren,
entsegu orokorreko zati bat ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek. Larunbat goizean, berriz,
txikientzako (8 eta 17 urte bitartekoentzako) emanaldi berezi bat prestatu dute, opera eurei ere gerturatzeko asmoarekin. Izan ere, Opus Lirica sortu zenetik, helburu nagusia horixe izan da: opera denentzako egitea, eta dauden topiko guztiak haustea. Hala egin zuten asteburuan ere bai,
San Martin merkatuan, ustekabean, opera kantatzen aritu zirenean.
Don Pasquale Italiako opera bufo –komedia antzeko– bat da,
tragikomedia bat: “70 urte inguruko gizon bat neska gazte batekin ezkontzen da, eta horren bueltan sortzen da trama guztia”, azaldu du Carlos Chausson abeslariak. “Emanaldia oso
dibertigarria da, eta inoiz operara joan ez direnei gomendatzen diet bereziki. Musika aldetik eta eszenaratze aldetik bizitasun handia du”, nabarmendu du Ainhoa Garmendiak, Opus Liricako zuzendari artistikoak eta emanaldiaren sopranoak. Eszenatokian, beraz, ondorengoak egongo dira: Carlos Chausson baxua –nazioarte mailan oso baloratua–, Ainhoa Garmendia sopranoa, Jorge Franco tenorea eta Joan Martin-Royo baritonoa. Musika Gaetano Donizettirena da, eta Andrea Albertinek gidatuko du. Eszena, jantziteria eta dekorazioa, aldiz, Pierre-Emmanuel Rousseauren ardurapean egongo da.