"Kapitalaren kultura" salatzeko ekintza bat egin dute Zemoria kaleko eraikinean
'Kapital asko, kultura gutxi' leloa daraman pankarta bat zabaldu dute Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak antolatutako StreetARTar jaialdian.
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak antolatuta, kaleko artea eta sorkuntzarekin lotutako hainbat ekitaldi egin dituzte StreetARTar jaialdian. Grosen egin dute egitaraua joan den asteburuan, Sagues eta Manteo inguruan.
Manteo inguru horretan, hain zuzen, Zemoria kaleko eraikinean ekintza bat egin dute, Kapital asko, kultura gutxi leloa daraman pankarta zabalduta. Eraikin honek lotura zuzena du Kortxoenea gaztetxearen aferarekin.
Iazko azaroaren 3an Kortxoenea gaztetxea eraitsi zutenean, gune autogestionatuaren aldekoek Zemoriako eraikina begiz jo zuten. Udal gobernuarekin hainbat bilera izan zituzten, eta Zemoriako eraikina hartzeko aukera mahai gainean jarri zuten Kortxoeneako kideek. Hiriko eragile kultural, sozial eta herritarren tokia izateko proposamena aurkeztu zioten. Zemoriako 20. zenbakian dagoen institutuaren eraikina udalarena da, eta honek 2000. urtean Lakuari utzi zion, bertan hezkuntza zentroa ezar zezaten-. Parte hartze prozesu bat abiatu zuen Kortxoeneako asanbladak, bertan autogestioan oinarritutako proiektuen bilgunea osatzeko.
Udal gobernuaren borondate falta salatu zuten Kortxoeneako kideek, eta bilera antzuak izan direla azaldu zuten, udal gobernuak ez zuelako Zemoriako eraikina herritarrei irekitzeko konpromisorik hartu.
IRUTXULOKO HITZAk Miren Azkarateri galdetu zion afera honen inguruan, Zemorian hezkuntza egitasmoak lehenetsiko dituztela adierazi zuen: “Momentu honetan lanbide heziketako proiektu bat ari gara lantzen. Beraz, horren arabera ikusi beharko da, izatekotan, zer espazio geratzen den libre”, esan zuen martxoan.


