Morlansko azpiegiturak berrituko dituzte
Hiart Gil de San Vicente bizilagunarekin egon zen IRUTXULOKO HITZA, joan den ekainean, bizilagunek udal ordezkariekin izan zuten bilera baten harira: «Zuloz beteta dago bidea, eta petatxuekin gaizki konponduta. Gainera, bi hilabetero ura irteten da tuberiaren bat pitzatzen delako». Auzorako pentsatua zuten proiektua azaldu zieten ordezkariek bildutakoei; eta iradokizunak jaso zituzten, mugikortasuna hobetzeko egin zitzaketen aldaketen inguruan.
Zorionekoak dira azkenean Morlans zaharreko bizilagunak, auzoko azpiegiturak berritzeko proiektua onartu baitu Tokiko Gobernu Batzordeak. Hain zuzen ere, Morlans Pasealekuko 33 eta 93 zenbakien artean egingo dute berritzea, bizilagunen aspaldiko eskaerari erantzuna emanez. Horrela, auzoko espaloiak, errepidea eta argiztapena hobetuko dituzte.
Donostiako Udalaren Urak Ustiatzeko eta Saneamenduko Zerbitzuak idatzitako proiektua da, 381.500 euroko aurrekontua du, eta lau hilabetetan egiteko asmoa dute.