Donostiako udaletxea.
Urriaren 7tik 9ra Donostiako udalbatza eta harrera aretoak ikusi ahal izango dira. Donostiako Udalaren eraikin “historiko eta preziatua” barrutik ezagutzeko aukera eman nahi diete herritar zein bisitariei. Duela gutxi berritu diren udalbatza aretoa, eskailera nagusia eta harrera gela irekiko dituzte.
Udaletxea barrutik ezagutu nahi dutenek Udalinfon eman behar dute izena, telefonoz eta bulegoan bertan, udaletxea bisitatu nahi duten eguna eta ordua zehazteko. Taldeak gehienez 25 lagunekoak izango dira. Bisita gidatuetan udaletxearen historia kontatuko dute, eta bisitariek eraikinaren historia laburbiltzen duen liburuxka bat jasoko dute.
Urriaren 7an eta 9an 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango dira bisitak. Urriaren 8an bisitak soilik arratsaldez izango dira, 16:00etatik 20:00etara. Bisita gidatuak honako orduetan antolatu dituzte: Ostiral eta igandean 11:30ean (euskaraz) eta 12:30ean (gaztelaniaz), eta 16:00etan (euskaraz) eta 17:00etan (gaztelaniaz). Larunbatean, 16:00etan (euskaraz) eta 17:00etan (gaztelaniaz).