Udaletxeko argiztapen berria inauguratuko dute
Kanpoko argiztapen berria estreinatuko du Donostiako udaletxeak, aste honetan. Horrela, Iberdrola eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin egindako elkarlanari esker, beste ukitu bat izango du Alderdi Ederrera ematen duen eraikinaren aldeak, aurrerantzean.
Argiztapen berriaren harira, inaugurazio ekitaldia egingo dute ostegunean, 19:15ean, udalbatza aretoan. Bertan izango dira Eneko Goia alkatea, Jose Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea, eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Hiru agintariek piztuko dituzte argiak 20:15ean, udaletxeko terrazan. Argi eta soinu ikuskizun bat egongo da eta Donostiako Orfeoiak abestuko du. Bukaeran, gainera, su artifizialak eskainiko dituzte.
Estreinaldirako hiru argiztapen aukera daude, eta Donostia.eus webgunearen bidez boto gehien jasotzen dituen aukera erabiliko dute. Hiriko jai berezietan ere argiztapena aldatuko dute, eta, egun horietarako ere herritarren iritzia eskatuko dute.
Proiektua gauzatzeko, kontsumo txikiko LED teknologiako 222 argi jarri dituzte udaletxean, instalaziorako 2.400 metro kable erabili dituzte, eta potentzia osoa 4.500 wattekoa izango da.
Aldaketak, autobusetan
Argiztapen berriaren inaugurazioa dela eta, Dbuseko geltokietan aldaketak egingo dituzte, urriaren 6an, osteguna, 20:00etatik 21:00etara:- 5-Benta Berri eta 25-Benta Berri-Añorga: azkeneko geltokia Okendo kalean edukiko dute.
- 21-Mutualidades-Anoeta, 26-Amara-Riberas-Martutene eta 28-Amara-Ospitaleak: azkeneko geltokia Okendo kalean edukiko dute.
- 13-Altza: Bulebarrean izango du azkeneko geltokia, ohi bezala. Askatasunaren Hiribideko 21eko geltokia aldatuko dute Askatasunaren Hiribideko 7ra.
- 8-Gros-Intxaurrondo: azkeneko geltokia Legazpi kalean edukiko du. Askatasunaren Hiribideko 19ko geltokia aldatuko dute Askatasunaren Hiribideko 7ra.
- 42-Aldapa-Egia: azkeneko geltokia Legazpi kalean edukiko dute (18. zenbakiaren aurrean). Askatasunaren Hiribideko 15eko geltokia aldatuko dute Askatasunaren hiribideko 7ra.
- 9-Egia-Intxaurrondo eta 29-Intxaurrondo Hegoa: azkeneko geltokia Legazpi kalean edukiko dute. Askatasunaren Hiribideko 15eko geltokia aldatuko dute Askatasunaren hiribideko 7ra.
- 16-Igeldo, 18-Seminarioa eta 19-Aiete-Bera Bera: azkeneko geltokia Okendo kalean edukiko dute (18. zenbakiaren aurrean).
- 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza: geltokia Gipuzkoa Plazan edukiko du (L14).