Borja Cobeagaren film labur batekin hasiko da Sitgesko Zinema Fantastikoaren jaialdia
Fantasia eta beldurrezko generoei eskainitako nazioarteko jaialdi ezaguna da Sitgesekoa. Urria amaieran Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean programatzen diren film batzuk ikus daitezke Herrialde Katalanetako jaialdian. Aurtengoa 49. ekitaldia da, eta urriaren 7tik 16ra egingo dute. Dozenaka filmen artean, euskal zuzendariek egindako hainbat proiektu ere izango dira ikusgai egitarau zabalean, hala nola, Haritz Zubillaga, Borja Cobeaga eta Asier Abioren lanak.
Borja Cobeaga donostiarraren En tu cabeza. Parte II: Milagros y Remedios film laburrak zabalduko du, Miguel Angel Vivas sevillarraren Inside filmarekin batera, Sitgesko 49. Zinema Fantastikoaren jaialdia. Inaugurazio gala urriaren 7an, ostirala, izango da, 19:30ean. Cobeagaren lan berrian Michelle Jenner, Hugo Silva, Fernando Tejero eta Rossy de Palma aktore ezagunek hartu dute parte, besteak beste, eta Lurraren iraunkortasunaren alde lan egiteko 2016ra bidaiatuko duen Andrea gaztea du protagonista.