Urriaren 25ean Donostian egingo duten bileran emango dute itxitzat testua.
Protokoloa osatzeko prozesua aurkeztu dute. (Argazkia: Malen Aldalur)
Adostu dute dagoeneko Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Elkarlanean egin dute proiektua Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.
Urriaren 25ean Donostian egingo duten bileran emango dute itxitzat testua eta
abenduaren 15ean eta 17an aurkeztuko dute; abenduaren 15ean batzorde zientifikoari eta abenduaren 17an gizarteari. Guztira Europa osotik egindako 400 ekarpenetik gora bildu dituzte dokumentuan.
Paul Bilbao, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du hasierako helburu guztiak bete dituela protokoloak. Azaldu dute Europako gizarte eragileek elkarrekin proposamen bat adostea lortu dutela:
“Etorkizunari begirako tresna eraginkorra izango da protokoloa”.
Protokoloak Euskal Herriko zein hemendik kanpoko ekarpenak jaso ditu. Euskal Herriko bost hiriburutan egin zituzten aurkezpenak eta bost ikastaro ere antolatu zituzten sektoreka. Ondoren, horietako gehienekin lanketa intentsiboa ere egin zuten.
Bestalde, Euskal herritik kanpo honako lekuetan egin dituzte aurkezpenak: Katalunia, Galizia, Irlanda, Gales, Frisia, Flensburg, Brusela, Asturias, Norvegia eta Estonia. Gainera azaldu dute beste hainbat komunitaterekin harremana izan dutela bideokonferentzia bidez: besteak beste, Sardinia, Korsika, Bretania eta Eskozia.
Protokoloak 150-180 neurri inguru izango dituela aurreratu dute.
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren ondoren geratuko den ondorerik handienetakoa izango dela uste du Asier Basurto Donostia 2016ren 284 kaiaren arduradunak.
Basurtorekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk eta ostiralean argitaratuko ditu proiektuaren inguruko xehetasun gehiago.