Ezagutzen duzu Mikel Herreroren tailerra?
Duela lau hilabete ireki zuen Egiako Karmengo Amaren kalean bere arte tailerra, eta oso pozik dago. Lan eta lan, eta sortu eta sortu. Ia atseden hartu gabe jo eta su dabil Mikel Herrero. Igeltsero izan zen urte askoan, baina nekatu egin zen eta lana utzi zuen. Graffitiak egiten zituen lagun bat espraiekin lanean ikusi zuen, eta bera ere margotzen hasi zen.
Hainbat dendatako pertsianak margotzeagatik ezaguna egin zen Mikel Herrero. Hormairudiak ere egiten hasi zen, gero eta lan eta enkargu gehiago eskatzen hasi zitzaizkion… eta bere tailer propioa ireki zuen: Innovart 19.
Bere hormairudi eta pertsonaia erraldoiak ez dira oharkabean pasatzen. Tailerraren paretik pasatzen diren bizilagun guztiak gelditzen dira tailerraren atarian, harrituta. Hulk erraldoi bat, pertsona baten neurriko Son Goku bat, The Lord of the Rings filmeko pertsonaiak, komikietako pertsonaien maskarak… Orain Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako enkargu batekin dabil buru belarri. Antzoki Zaharreko balkoia apainduko duen Godzilla erraldoi bat sortzen ari da. IRUTXULOKO HITZA bere tailerrean izan da, bere lana ezagutu eta tailerrak auzoan nolako harrera izan duen jakiteko. Ostiraleko zenbakian argitaratuko dugu elkarrizketa.