Papera aldarrikatzeko Fanzineen Gerra egingo dute
Ekitaldia eraberrituko dute, Ubik-en Autoedizioaren Txokoak eta FNACek elkarlanean.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 27. Astearen barruan, papera aldarrikatzeko Fanzineen Gerra mitikoa antolatu dute Ubik eta FNACek elkarlanean. Hala, beldurrezko fanzineen aldeko apustua egiten du berriro zinemaren asteak. Izena emateko epea urriaren 17ra arte egongo da zabalik, eta gehienez ere hamar talde aukeratuko ditu antolakuntzak. Lehiaketa horretan argitaratuko diren fanzineen artetik ikusleek erabakiko dute zein den hoberena, urriaren 29tik azaroaren 4ra. Talde irabazleak FNACen erosteko hiru txartel lortuko ditu. Txartel bakoitzak 50 euroko balioa izango du.
Parte hartzen dutenek 8 orriko paperezko fanzine bat egin beharko dute, txuri-beltzean. Edukiak fantasiazko eta beldurrezko zinemaren munduarekin, kultura herrikoiarekin, friki-nostalgiarekin edo antzeko gaiekin egon behar du lotuta.
Fanzineak partaide bakoitzaren baliabide propioekin (idazkera, maketazioa…) egin beharko dira, baina Ubik Autoedizioaren Txokoak bakoitzaren esku jarritako baliabideak ere erabili ahal izango dituzte. Jendearen artean banatuko diren kopien kostua Beldurrezko Asteak ordainduko du.
Informazio osoa eta oinarriak hemen.