Sagardo Eguna ikastolako jolastokian egingo dute, ohi bezala. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Argi dago Sagardo Eguna bihurtu dela Martuteneko jaietako erakargarri nagusia, eta gaur izango da, jaien azken egunarekin bat eginez, 12:30ean. Ikastolako jolastokian, sagardo dastaketa eta bertako produktuen eta artisauen azoka egingo dituzte.
Aldaba Zarra, Okendotegi, Apaola eta Agirretxe baserrietako produktuak egongo dira salgai, eta sagardotegi hauetako zukua egongo da: Sarasola, Otxua Enea, Bereziartua, Egiluze, Alorrenea, Astarbe, Barkaiztegi, Petritegi, Gartziategi, Lizeaga eta Rezola. Jai batzordekoek nabarmendu dute sagardogileak beraiek sagardoa botatzen duten jai bakarra direla Donostian; eta hori Kristina Arzallusi esker dela.
ELKARTASUN PINTXOA
Guztira, 1.200 edalontzi eta 1.300 sagardo botila enkargatu dituzte; 1.000 lagun baino gehiago espero baitituzte. Horretaz gain, 800 txorizo pintxo prestatuko dituzte; eta Intxaurrondoko Zaporeak proiektuari laguntzeko, 600 bakailao pintxo salduko dituzte. Hain zuzen, elkartasun pintxoak izango dira bakailao pintxoak, eta bildutako dirua Greziako Chiosen dauden errefuxiatuei elikagaiak emateko izango da. Zaporeakeko kamisetak ere salgai jarriko dituzte, eta borondatezko diru laguntza txikiak ematea egongo da, eltzetxoen bidez.
Bakailaoa pil-pil erara elkarteen arteko IX. gastronomia txapelketa egingo dute sagardo egunaren bueltan. Zazpi bikotek hartuko dute parte, eta irabazleek txapela eta bi lagunentzako afaria irabaziko dute Barkaiztegin; bigarrenak, bi lagunentzako afaria Ali Oli jatetxean. Arratsaldean, Kutxi Romeroren akustikoaren txanda izango da, 18:00etatik 20:00etara. Ondoren, Iruñeko Motxila 21ek kontzertua eskainiko du. Gogoz daude, Martutenen, aurreko bi urteetan etortzekoak ziren arren, ezbeharren bat izan baitute. «Aurten badatoz!», diote jaietako egitarauan.
Martuteneko jaiak ez dira Aste Nagusia, baina su artifizialak izango dituzte festetako azken egunean, 21:30ean, hirugarren urtez.