Udal ordezkariek lasaitasuna zabaldu nahi dute, 40 urte baitira horrela dagoela, eta beharrezko neurriak hartuko dituzte.
Altzako egungo kiroldegia. Toki berean egokituko dute berria. (Argazkia: Nagore Koch)
Altzako kiroldegiak albiste izaten jarraitzen du. Aurreko legegintzaldia adostu zuten kiroldegia berritzea, eta dagoeneko lehiaketa publikoa egina zegoen, diseinua erabakita, eta obra egiteko zorian. Obrak hasi aurretik, ordea, lurrak aztertu dituzte, eta amianto arrastoak azaldu dira. “Kutsadura espero genuena baino handiagoa da”, azaldu du Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak. Fibrocementos Vascos S.L. izeneko enpresa egon zen egun kiroldegia dagoen lekuan, 1963 eta 1981 urteen artean, hor nonbait, eta enpresa hark egindako isuriak dira lurren kutsaduraren arrazoia. Edonola, lur horiek 40 urte daramatzate kutsatuta, eta udal ordezkariek lasaitasun mezua zabaldu dute: “Lurrak tratatuko ditugu, eta dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren ingurumen sailarekin lanean ari gara. Badirudi amiantoa bizigabe uztea izango dela aukera onena. Bere horretan ez du arriskurik, baina airearekin kontaktuan sartzen bada, arriskutsua izan daiteke. Beraz, neurri egokiak hartuko ditugu”, azaldu du Ramosek.
Garai bateko fabrikaren irudia. (Argazkia: estibaus.info)
Kontuak hala, proiektua egokitu egingo dute, berridatzi, ezin baita pentsatua zegoen moduan egin. Faseka egingo dute: lehenengo, eraikin zaharra bota; ondoren berria eraiki, eta, azkenik, lurra tratatu, kanpoko igerilekuak eta pistak egin ahal izateko.
Egun kiroldegia dagoen lekuan, ez dago arriskurik, ordezkariek azaldu dutenez. Izan ere, fabrika lur horietan zegoen, eta isuriak inguruko lurretan daude. Hau da, igerilekuak eta pistak egiteko asmoa zegoen lekuan. Beraz, orain, inguruko lurrak hesituko dituzte, azterketa egokiak egin eta inor ez dadin lur horiekin kontaktuan egon.