Egiako Garagardo azoka. (Argazkia: Lide Ferreira)
Laugarren urtez jarraian egingo dute garagardo azoka Egiako Plaza Haundin. Ostegun iluntzean bertan ziren irekitzekoak, eta igandera arte izango da jaia. Guztira, 14 garagardo mota dastatzeko aukera egongo da; gehienak iazko berdinak dira, baina hiruzpalau berri ere sartu dituzte. Garagardoaz gain, jateko aukera zabala egongo da: ukondoa, saiheskia, saltxitxak purearekin, kroketak, patata bixiak… gainera, jendea lagunartean gustura ibiliko da, zuzeneko musikaz gozatuko duen bitartean.
Egia Bizirik auzo elkarteak eta auzoko eskubaloi taldeak antolatu dute azoka, eta bildutako dirua euren beharrak asetzeko erabiliko dute. Eskubaloikoek diote, diruz oso larri ibiltzen direla beti, eta taldean jokatu nahi duenak ordaindu egin behar badu ere, federatzeko, ahalik eta gutxien ordaindu behar izatea dela euren nahia.
Ordutegi hau izango du azokak: ostiralean, 18:00etatik 00:00etara; larunbatean, 13:00etatik 00:00etara; eta, igandean, 13:00etatik 22:00etara. Antolatzaileak ez daude batere gustura udalak ezarritako ordutegiarekin, izan ere, kontzertuak 23:00etarako bukatu beharko dira, eta, azoka esperotakoa baino lehenago ixtera behartu dituzte.
Hala ere, larunbatean eta igandean, 300-400 lagun inguru hurbiltzea espero dute.